Oñatiko udala

Avanza autobus enpresari Debagoienako garraio publiko kontratua ez luzatzea eskatu dute eskualdeko alkateek

2024/12/10
Card image cap
(Arg: Goiena)
Hainbat hobekuntza proposamen helarazi dizkiote Aldundiari, zerbitzu kontratu berrian txertatu ditzan

  Debagoienako zortzi alkatek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, Foru Aldundiak Avanza enpresarekin duen kontratua ez luzatzeko eskatuz. 2025eko martxoan beteko da indarrean den 10 urteko emakida eta luzatu gabe, zerbitzuan hobekuntzak jasoko dituen kontratu berri bat egitea eskatu dute.

  Debagoienean gora egin du autobus publikoaren erabilerak azken urteetan baina zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du behera, eskualdeko alkateen esanetan. Kalitate galera horren adierazle dira, besteak beste, autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzea edo zutik kilometrotan bidaiatu behar izatea. Eta adibide konkretu bat jarri zuten: larunbatean, Arrasatetik Donostiara zioan autobusa Arrasaten bete zen eta Elorregiko geltokian, internetez txartela erosita zuten bidaiariak autobusera igo ezinda geratu ziren. Gehienak oñatiarrak ziren.

  Maider Morras Arrasateko alkateak gogoratu zuen Debagoiena dela tren bidezko zerbitzurik ez duen eskualde bakarra Gipuzkoan, eta autobusa dela garraiobide publiko bakarra. Horregatik, kalitatezko garraio publikoa ezartzeko aukera aprobetxatzeko eskatu diote Aldundiari, gaineratuz, ez litzatekeela ulertuko diputazioak egungo kontzesioaren iraupena luzatu nahi izatea, zerbitzua dagoenetan utziko lukeelako.

  Era berean, zerbitzuak behar dituen aldaketak egiten hasteko hainbat proposamen helarazi dizkiote Aldundiko Mugikortasun departamenduari, lehenbailehen egin beharreko hiru esku-hartze zehaztuz: herrien arteko loturaren maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea, herrien arteko linea azkarrak jarrita eta linea batzuen malgutasuna zabalduta; hiriburuekin dauden loturak hobetzea; eta puntualtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Azken horri dagokionez, neurri batzuk ere aipatu dituzte: zerbitzua emateko autobus kopurua egokitzea, autobusen baldintza tekniko egokiak bermatzea, eta Elorregi eta Epeleko errotonden artean autobusentzako errei berezi bat egokitzeko aukera aztertzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!