Oñatiko udala

Auzoko proiektuaren aurkezpen ekitaldia egingo da bihar Eltzian

2024/10/15
Card image cap
Herritarrak euskarara gerturatzeko programa da Auzoko

  Udalak, Txatxilipurdik eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean sustatzen duten proiektua da Auzoko. Herriko komunikazio eta kohesio-hizkuntza euskara izateko bidean, Oñatira iritsi berriei edota euskaratik urrun bizi direnei hizkuntzara gerturatzeko aukera eskaintzen die egitasmoak. Helburu horrekin, ordu eta erdiko saio irekiak egiten dira astero.

  Herritarrak, aniztasuna eta euskara oinarrian dituen egitasmoa da Auzoko. Oñatin dagoen hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta, euskarara hurbiltzeko lehen pausoak eman nahi dituzten herritarrak eta bide horretan laguntzeko prest dauden euskal hiztunak elkartzen dira saioetan. Ariketa errazen eta jolasen bidez, jatorri ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatu eta euskarazko oinarrizko hitz eta esamoldeak lantzen dira.

  Oñatira etorri berriek edota orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenek bide hori egin dezaten, garrantzitsua da herriko euskal hiztunen parte-hartze aktiboa. Auzoko egitasmoaren saioetan bietatik behar dira, euskarara gerturatzeko gogoa duten herritarrak edo Auzokideak esaten dena eta horiei bidean laguntzeko prest daudenak, hau da, Auzotarrak.

  Auzoko proiektuaren aurkezpen ekitaldia bihar egingo da Eltzian, hirugarren solairuko gelan. 19:00etan hasiko da eta proiektua zuzenean ezagutzeko interesa duten Auzokide nahiz Auzotarrei gonbidapena egiten zaie Udaletik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!