Oñatiko udala

Auzobideen eta egur kargalekuen kontserbazioa, erabilera eta zaintza arautzen duen ordenantza behin betikoz onartu da

2023/07/12
Card image cap
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean atzo argitaratu zen ordenantza testu osoa

  2022ko azaroaren 24ko bilkuran onartu zuen udalbatzak auzobideen eta egurra kargatzeko leku publikoen erabilera, kontserbazioa eta zaintza arautzeko udal ordenantza, hasiera bateko izaeraz. Jendaurrean egon zen epean ez zen erreklamazio edo iradokizunik aurkeztu eta ondorioz, bere horretan eta behin betiko izaeraz onartuta geratu da.

  Ordenantzaren hitzaurrean, auzobidearen definizioa ematen da, Udalak bere gain hartzen dituen bideak argitzeko helburuz. Udalerriko auzo-bideak edo pistak, gehienetan, auzotarren etxeak elkarrekin lotzeko bideak dira; auzoa herrigunearekin edo bide nagusi batekin lotzeko, edo auzoa herri-mendietako lursailekin lotzeko. Lursail partikularretan sortu ziren eta baserritarrek beraiek auzolanean mantendu zituzten. Aspaldiko erabilera publikoa da bide baten jabari publiko izaera aitortzeko oinarria. Udalari dagokio herri barruko bideetan eginkizun teknikoak eta zaintza eginkizunak betetzea, bide horiek udal titulartasunekoak edo udal administraziokoak badira.

  Ordenantza 5 kapitulu nagusi eta 23 artikulutan banatzen da. Hala, xedapen orokorrak; erabilera, kontserbazioa eta zaintzari buruzko arauak; eskubideak eta betebeharrak; ikuskapena eta kontrola; arau hauste eta zigorrak eta gehigarrizko xedapenak zerrendatzen dira. Auzobideen eta egur kargalekuen erabileraren atalean, erabilera bereziak zehazten dira, aldez aurreko jakinarazpen, mugak eta erabilera berezirako fidantza finkatuz, besteak beste. Kontserbazio eta zaintza atalean berriz, mantentze-irizpideak eta konponketa lanak aipatzen dira eta horiek auzo-alkateekin batera aztertu eta adostuko direla zehazten da. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, Udalak egingo duen kontrola eta arau-hausteei dagozkien zigorrak ere jasotzen dira udal ordenantzan.

  Ordenantza idatzi osoa atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!