Oñatiko udala

Auzoarekin kofinantzatu den argiteria jarrita amaitu dira Lezesarri auzorako oinezkoen bidea egokitzeko lanak

2023/03/21
Card image cap
Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea izan da helburua

  Aspaldi eskatu zuen auzoak Lezesarrirako sarbidea hobetzea, 2007an egin zen lehen eskaera. Urte batzuk beranduago, errepide-ardatz bera erabiltzen duten gainontzeko auzoek ere Arantzazurainoko oinezkoen bidea egokitzea eskatu zioten Udalari, honek, eskaera Diputaziora helarazi zezan. Oraingoz, herrigunetik hurbilen dauden lehenengoko metroetan, Azkoagaindik Urrintxorainoko tartean egin dira lanak.

  Arantzazurako norabidean, errepidearen ezkerraldetik lehenik eta San Esteban ermitarako sarbidea pasata, errepidearen eskuma aldetik, espaloiak egokitu dira, errepidea zeharkatzeko pasabidea markatu da eta abiadura murriztea eragiten duten isleta txikiak egokitu dira aipatu pasabide inguruan. Lanek 300.000 euroko aurrekontua izan dute. Argiteria ere jarri da, auzoarekin kofinantzatuta, beste auzoetan egin den bezala.

  Urrintxotik gora oinezkoen bideari jarraipena ematea ez dago udalaren lehentasunetan, une honetan. Herrigunetik hurbil dauden beste auzobide batzuetan ere segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko asmoa dago. Baita Azkoagain parean ere. Hasierako egitasmoan errotonda bat egitea jaso zen, ez trafikoa bideratzeko behar berezirik ikusten zelako, baizik eta ibilgailuen abiadura moteltzeko elementua delako. Lezesarrin espaloia egiteko bidea estutu da eta horrek ere abiadura moteltzea eragiten du. Oraingo esku-hartzearen balorazioa egingo da, beste lan batzuk planifikatu aurretik.

  Baina Lezesarri auzoak beste eskaera batzuk ere egin dizkio Udalari: Jaumendirako oinezkoen bide zaharra berreskuratzea edota euskal artzainari eskainitako monumentuaren mantentzea. Azken puntu horri dagokionean, monumentuen eta herri-ondarearen plan bat egiteko asmoa azaldu da. Aurten abiatu nahi den plan orokor horrek inbentario moduko bat osatuko du, ondare bakoitzaren egoera eta mantentze beharrak zehaztuz. Horren arabera egingo da urteroko mantentze lanen planifikazioa.

  Atzoko agerraldian, eta asfaltatze lanen baitan, Arantzazuko Ama kalean euri-urak bideratzeko udal brigadak egin dituen lanen berri ere eman zen. Elkar Hezi ikastetxearen aurrealdean hodi berria sartu da euri-urak egoki bideratzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!