Auzo-konpostaren inguruko informazio puntua jarriko da plazan, ostiralean eta larunbatean
Laster 10 urte beteko dira Oñatin auzo-konpost guneak martxan jarri zirela. Hondakinak kudeatzeko eredu berri baten aldeko apustuak bere emaitzak eman ditu eta, egun, Oñatik %80tik gorako birziklapen maila du eta herritarren %25ek konpostatzen du. Ibilbide horretan, egindako akatsetatik ikasi da eta hobekuntzak garatu dira: mantenu lanak indartu dira, jarraipen teknikoa ezarri, egituratzailea bertako kimaketa lanetatik hornitzen da, konposta hobetzeko galbahetik pasatzen da eta kalitatezko konposta herritarren eskura jarri da, besteak beste.
Urte hauetan egindako lan guztia ezagutarazteko, konpost prozesua ondo egiten duten herritarrak txalotzeko eta jendea ondo egitera animatzeko helburuarekin bideo bat ere ekoitzi du Udalak. Aipatu bideoa plazan egokituko den informazio puntuan emitituko da ostiral arratsaldean eta larunbat goizean. Gainera, konpostean aditu diren bi hezitzaileek azalpenak emango dizkiete hurbiltzen diren herritarrei. Konposta ere eskuragarri jarriko da pertsonalizatutako poltsetan.
Ekimenaren helburua bikoitza da: auzo-konpostatze proiektua eta sortzen den goi mailako konposta herritarrei ezagutaraztea, batetik, eta herritar gehiago proiektura batzea, bestetik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!