Auzo-konpost sistemara batzeko proposamena zabaldu zaie plazaz behealdeko bizilagunei
Etxe atarietan jarritako oharren bidez jakinarazi du Udalak auzo-konpost gune berriak jartzeko aukera dagoela. Herriko plazatik eta Otadui zuhaiztiaren arteko kaleetan jarri dira jakinarazpenak, kale Zaharra, Lizaur, Aita Madina eta inguruetan, zonalde horretan ez baitago auzo-konpost gunerik. Bizilagun batek konpost gunea jartzeko eskaera helarazi zion Udalari eta erabakia hartu aurretik interesa zenbatek luketen jakin nahi da. Horregatik, sisteman parte hartu nahiko luketen auzotarrei udalean jakinaraztea eskatzen da (ingurumena@onati.eus edo 943 780 411).
Auzo-konpost guneen arrakastarako faktoreetako bat hurbiltasuna da, hau da, erabiltzaileak gunea eskura izatea. Balizko erabiltzaileentzat egokiak liratekeen kokalekuak identifikatu nahi dira eta konpost gunea non jarriko luketen adieraztea eskatzen zaie interesa duten auzotarrei, helbidea eta etxean bizi diren kide kopurua zehaztearekin batera. Kontu egin behar da plazaz behealdeko gunea handia dela, eta ez dela berdin, konpost gunea unibertsitate inguruan jarri edo Otadui zuhaiztiaren behealdeko etxe inguruetan. Udalak ez du ez kokagunerik ezta gune kopururik zehaztu eta aukera guztiak zabalik daude, balizko erabiltzaileen beharretara egokitzeko, beti ere, gutxieneko bat bilduz gero. Eskaerak eta proposamenak bidaltzeko urriaren 15era arteko epea eman da.
Herriko zonalde ezberdinetan zazpi auzo-konpost gune daude egun: Errekalden, San Lorentzon, Eltzia aurrealdean, Ugarkalden, San Martinen eta bi Bidebarrietan. Baina herrigunearen ipar-mendebaldean, plazatik behealdean, ez dago bat ere ez. Hutsune hori bete asmo du Udalako baina behin betiko erabakia hartu aurretik, sistemara batzeko interesa duten bizilagunen kopurua ezagutu nahi du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!