Auzo konpost guneen erabilerari buruzko esku-orria eta bideoa aurkeztu ditu Udalak
Auzo konpost guneetan azkenaldian egin diren hobekuntzen berri jaso da esku-orrietan, egun Oñatin auzo konposta nola egiten den laburbilduz, eta praktika egokirako oinarrizko irizpideak ematen dira. Modu sinple baina eraginkorra dela azaltzen da, erabiltzaile berriak izena ematera animatu daitezen. Lau minutu pasako iraupena duen bideoan ere beste horrenbeste egin du Udalak.
208 familiak egiten dute egun konposta herriko zazpi auzo konpost guneetan. Guztira, 2,7 tona konpost jasotzen da urtean. Sistemaren onurak ugari direla uste du Udalak: ingurumen kontzientzia areagotu, komunitate sentimendua indartu, zabor gutxiago sortu eta prozesutik eratortzen den ongarria herrian geratzen da, besteak beste. Horregatik herritar berriak gonbidatu nahi dira auzo konposta egitera. Interesa duenak, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan izango du izena emateko aukera. Gainera, auzo konpost guneen erabiltzaileek %25eko hobaria dute zaborraren tasan, eta, lehentasuna, konpost sistematik lortzen den ongarria eskuratzeko.
Martxoan egin asmo du Udalak ongarriaren hurrengo banaketa. Interesa duenak izena eman beharko du eta eskaera kopuruaren arabera erabakiko da bakoitzak zenbat ongarri hartu ahal izango duen eta banaketa nola egingo den. Baina eskaera egiteko argibide oharrak datozen egunotan bidaliko zaizkie auzo konpost guneetako erabiltzaileei.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!