Auzo jai batzordeekin bilera egingo da astelehenean
Ohikoa izaten da urte hasieran udaleko kultura ordezkariak eta auzo jaietako antolatzaileak bilera egitea. Aurten ere egingo da, astelehenean, urtarrilaren 27an. Herrigunean kokatuta dauden auzo eta kaleetako jai batzordeak deitu dira bilerara, landa-auzokoek Auzotasuna programatik bideratzen baitute jaietako finantziazioa.
Zortzi gai azaldu eta eztabaidatu nahi dira: 2025eko auzo jaien egutegia, eraso sexisten prebentzio eta arreta programa, jaiak antolatzeko baimen eta material eskaerak, musika ekipoa, istripu eta erantzukizun zibileko poliza, dirulaguntzak eta Olaburuko espazioaren erabilpen hitzarmena. Galdera, erregu eta proposamenetarako tartea ere izango da.
San Miel txikixak izan ohi dira kaleko lehen auzo-jaiak eta San Martingoak azkenak. Maiatzaren 8a eta irailaren 14aren bueltan ospatzen dira batzuk eta besteak. Baina kale edo auzune guztietan jaiak ez dira egun jakin batekin ospatzen eta urtetik urtera aldatu egiten dira. Solapatu edo elkarri traba egin ez diezaioten zehaztuko da aurtengo jaien egutegia. Jaiak antolatzeko eskatu ohi diren udal baimen eta materialaren inguruan hainbat argibide ere emango dira asteleheneko bileran: oholtza, estalkia, txosna edota komunen eskaera ez ezik, argia eta ur-hartuneak, musika ekipoaren kudeaketa, istripu eta erantzun zibileko poliza eta erraldoi eta txorimaloen kudeaketari buruzko zehaztapenak emango dira. Finantzazioa edo dirulaguntzak da bilerako beste gai garrantzitsua eta jai batzordeen elkarte izaera, eskaeren tramitazioa eta gastuen zuriketa noiz eta zein epetarako egin beharko den argituko da. Baina aurten bereziki eraso sexisten prebentzio eta arreta programaz jardun nahi da, Berdintasuna udal departamentuarekin elkarlanean. San Miel Txiki, Errekalde edota Atzeko kaleko jaixen bueltan, eraso sexisten arreta eta jarraipen zerbitzua jarri izan du Udalak eta telefono bidezko arreta eskaini du azken urteetan. Halakoak beste auzo-jai batzuetara zabaldu edo eraso sexisten prebentzioan zein beste urrats eman daitezkeen aztertuko da astelehenean, besteak beste.
Herrigunean kokatuta dauden auzoetako jai batzordeekin bilera hilaren 27an, astelehenean, 18:30tan, egingo da udaletxeko batzorde-gelan, bigarren solairuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!