Oñatiko udala

Auzo jai batzordeekin bilera egingo da astelehenean

2024/02/01
Card image cap
Herrigunean kokatuta dauden auzo eta kaleetako jaien 2024ko egutegia zehaztuko da, besteak beste

  Ohikoa izaten da urte hasieran udaleko kultura ordezkariak eta auzo jaietako antolatzaileak bilera egitea. Aurten ere egingo da, astelehenean, otsailaren 5ean. Herrigunean kokatuta dauden auzo eta kaleetako jai batzordeak deitu dira bilerara, landa-auzokoek Auzotasuna programatik bideratzen baitute jaietako finantziazioa.

  Lau gai nagusi azaldu eta zehaztu nahi dira: 2024ko auzo jaien egutegia, jaiak antolatzeko baimen eta material eskaerak, dirulaguntzak eta galdera eta erreguak.

  San Miel txikixak izan ohi dira kaleko lehen auzo-jaiak eta San Martingoak azkenak. Maiatzaren 8a eta irailaren 14aren bueltan ospatzen dira batzuk eta besteak. Baina kale edo auzune guztietan jaiak ez dira egun jakin batekin ospatzen eta urtetik urtera aldatu egiten dira. Solapatu edo elkarri traba egin ez diezaioten zehaztuko da aurtengo jaien egutegia. Jaiak antolatzeko eskatu ohi diren udal baimen eta materialaren inguruan hainbat argibide ere emango dira asteleheneko bileran: oholtza, estalkia, txosna edota komunen eskaera ez ezik, argia eta ur-hartuneak, musika ekipoaren kudeaketa, istripu eta erantzun zibileko poliza eta erraldoi eta txorimaloen kudeaketari buruzko zehaztapenak emango dira. Finantzazioa edo dirulaguntzak izango da bilerako beste gai garrantzitsua eta jai batzordeen elkarte izaera, eskaeren tramitazioa eta gastuen zuriketa noiz eta zein epetarako egin beharko den argituko da. Azkenik, galdera eta erreguen atalean zalantzak argitzen saiatuko dira udal ordezkariak eta auzo jaiak hobetzeko batzordeen proposamenak ere jaso nahi dituzte.

  Herrigunean kokatuta dauden auzoetako jai batzordeekin bilera hilaren 5ean, astelehenean, 18:30tan, egingo da Kultur etxeko bilera gelan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!