Auzitegi Konstituzionalaren epaiak euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela salatu zuten berriro hainbat alkatek, atzo
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Bilboko Auzitegi Nagusiaren aurrean alkate eta hautetsien agerraldi berria egin zen atzo, Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka ebatzitako sententzia gaitzesteko. UEMAk deituta pasa den astean Usurbilen azaldu bezala, atzo ere, sententziak kezkatzen dituela onartu zuten bildutako alkate eta zinegotziek. Epaiak, euskara eta euskal hiztunak mespetxatzen dituela esan zuten eta udaletik bideratzen diren hizkuntza politikak mugatzen dituelako sententzia kezkagarria eta larria dela dio agerraldian irakurritako manifestuak, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzen diolako. Bide beretik jo du atzo Bilbora hurbildu zen Izaro Elorza alkateak ere, sententzia, euskararen eta udalen jardueraren kontra doala azpimarratuta.
Auzitegi Konstituzionalak udal legearen 6.2 artikuluaren aurkako ebazpena eman du. Legeak, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ematen die. Hala da Oñatiko udalaren barne jarduna eta, printzipioz, hala jarraitzeko asmoa dutela adierazi du Izaro Elorzak. Pasa de ostegunean kaleratu zen sententzia aztertzen ari dira UEMAko kabinete-adituak juridikoki nondik jo erabakitzeko.
Aldi berean ezagutu da Eusko Jaurlaritzak tokiko erakundeetarako idazkarien eta kontu-hartzaileen lan poltsak osatzeko ezarri ziren hizkuntza irizpideak ere atzera bota dituela Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1.Epaitegiaren beste sententzia batek. Helegitea jarriko dutela aurreratu du Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!