Oñatiko udala

Auzitegi Konstituzionalaren epaiak euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela salatu du udalbatzak aho batez

2023/07/21
Card image cap
Bilboko Auzitegi Nagusiaren aurrean irakurritakoa mozio eran aurkeztu zuen EAJk

  Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz emandako epaia salatzeko mozioa onartu du udalbatzak aho batez. EAJk aurkeztu zuen mozioak, Bilboko Auzitegi Nagusiaren aurrean uztailaren 13an irakurritakoa jasotzen du. Hainbat herritako alkate eta hautetsi bildu ziren agerraldi hartan, tartean, Izaro Elorza alkatea.

  Konstituzionalaren epaia kezkagarria eta larria dela dio mozioak, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, eta helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza politikak guztiz mugatzen dituelako. Epaiak euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela dio mozio-idatziak eta euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, horren alde dagoen adostasun sozial handiaren kontrakoa ere badela zehazten du, hau da, herritarren eta udalen erabakimena auzitan jartzen duela gaineratzen du idatziak. Era berean, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen dira herritarrak.

  EAJk aurkeztu zuen mozioarekin bat egin zuen EH Bilduk. Edukiarekin bat zetozela adierazi zuen alkateak baina formarekiko ñabardura batzuk egin zituen, adierazpen bateratu moduan aurkeztea nahiago luketela esan zuen. Eta orain arte, adostasun hori aurrez bilatu izan dela zehaztu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!