Autlan enpresako langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortu dio Eibarko epaitegiak
Eibarko lan-arloko epaitegiak ezintasun iraunkor osoa aitortu dio Autlan EMDko langile bati, produktu kimiko arriskutsuekin lan egiteak osasunean eragin dizkion kalte larriengatik, salaketa aurkeztu zuen LAB sindikatuak azaldu duenez.
Sindikatuaren oharrean zehazten da, epaiak frogatutzat jotzen dituela langilearen osasunean eragindako kalte larriak eta oso arriskutsuak diren produktu kimikoekin lan egin arren, enpresak 2018ra arte ez zuela ezarri arnasketa ekipo espezifikoak erabiltzea, ordura arte zeuden babes neurriak nahikoak ez zirela adieraziz. Halaber, babes-ekipamenduak erabiltzeko eta kutsatzaileen kontzentrazioa zehazteko, nahitaezkoak diren doikuntza-probarik ez dela egin onartzen du epaiak, LABen hitzetan.
Sindikatuak babes osoa adierazi die langileari eta Autlan EMDko gainerako lankideei eta langileen osasuna eta segurtasuna defendatzen jarraituko duela berretsi du, prentsa ohar bidez.
Gobernuen utzikeria salatzen du LABek, prebentzio araudia ez betetzeko bidea ematen diotelako patronalari. Eta era berean, Mutualiaren papera salatu du sindikatuak. Langileari duen gaitz larria aitortzearen aurka agertu delako, haren kostu ekonomikoak bere gain ez hartzeko. Mutualitateek langileen osasuna zaindu beharrean beraien interes ekonomikoak lehenesten dituztela dio LABek eta mutualitateak publiko bihurtu eta osasun sistema publikoan integratzea eskatu du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!