Aurrera darrai auzo-bideen konponketa planak
Azaro erdialdean hasi ziren Excavaciones Arrasate enpresako langileak 2022ko auzo-bideen planean jasotako baserri bideak konpontzen. Injelan enpresari eskatutako proiektu orokorra auzo-alkateen foroan kontrastatu zen eta lehentasunezkoak ziren zortzi auzo edo baserri bide konpontzea erabaki zen. Bidearen erabilgarritasuna, egonkortasuna, segurtasuna eta malda izan ohi dira lehentasunak zehazteko irizpide nagusiak.
2022ko auzo-bideen konponketa planak 275.000 euroko aurrekontua du eta zatirik handiena Urrexolako Barrenetxe baserrirako eta Garagaltzako Arregi nekazal-etxerako bideek eraman dute. Zenbait gunetan bide zati bat edo ezponda jausita edo jausteko puntuan zeuden, zoladura oso zartatuta eta segurtasuna bermatzeko konponketa azkar baten premian. Bi gune horiek konpondu dira eta, une honetan, bi lan talde ari dira lanean, San Martinen eta Errekalde-Torretxebarrirako bideetan. San Martindik Murgiarako bidea zabaltzen ari dira, autokarabana gune inguruan, ikusmena hobetzeko helburuz. Errekalde-Torretxebarrirako bidean, lehen bihurgunera arteko bide zatia konpontzen ari dira.
Ondoren, Torretxebarri-Guridi arteko bidean hainbat konponketa txiki egingo dira, aurreikusi diren 14 puntutan. San Martinen ardi den taldea, berriz, Pullangua baserri ingurura joan da, bidea zabaltzera. Amaitzeko, Askontegi eta Iruatz baserrietarako bideetan beste lan txiki batzuk egingo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!