Oñatiko udala

Aurreikuspenak gaindituz, ia 51.000 txantxi daude une honetan zirkulazioan, urte osorako pentsatzen zenaren herena pasa.

2015/01/08
Card image cap
Txantxien lehen iraungitze data pasata, ia 400 euroko gizarte funtsa sortu da.

   Elkarri lagunduz proiekturako zehaztu den urtebeteko proba epean, 150 mila txantxi zirkulazioan jartzea aurre ikusi zen. Lehen hiru hilabeteak soilik pasa direnean, kopuru horren herena jada merkatuan dagoela esan behar da. Alde horretatik, hasierako aurreikuspenak jada gainditu dira.

  Zirkulazioan dauden ia 51.000 txantxi horietatik, hirutik bat, udalak berak, diru laguntza eta saritan eman dituenak dira. Beste 22.000 inguru, herritar partikularrek aldatu dituztenak dira eta gainontzekoak, atxikitako establezimenduek eskuratutakoak dira.

  Aipagarria da, bestalde, txantxien lehen iraungitze data abenduaren 31an bete zela. Ondorioz, establezimenduetako arduradunek, dituzten txantxiak berritu behar dituzte. Dagoeneko ia 13.000 txantxi truke bulegora eraman eta martxoaren 31ra arteko iraungitze datarekin zirkulazioan jarri dira berriro. Aldaketa horrek, gizarte funtserako ehuneko txiki bat atxikitzea eragin du. Une honetan, ia 400 euroko gizarte funtsa sortu da ELKARRI LAGUNDUZ proiektu honen baitan.

  Kontu egin behar da ordea, zirkulazioan dagoen txantxi kopurua, aipatu 13.000 horiek baino handiagoa dela eta guztiak egunean jarritakoan, gizarte funtsa ere handitu egingo dela.

  Udaletxean kokatzen den truke bulegora hurbildu den erabiltzailearen perfila ere zehaztu da. 31 eta 40 urte bitarteko emakume langile oñatiarra da, aldaketa gehien egin dituena.

  Orokorrean, truke bulegora hurbildu diren 10 lagunetik 6 emakumeak izan dira eta 4 gizakumeak, gehiengoa gainera oñatiarrak. Aldatu diren ia 22.000 txantxi horietatik 500 bakarrik izan dira oñatiarra izan gabe bertan lan egiten duten erabiltzaileek aldatu dituztenak.

  Erabiltzaileen lan egoerari erreparatuta berriz, % 71a lanean ari direnak izan dira, % 18a berriz, jubilatuak. Eta datu horrek, erabiltzaileen adinera garamatza. Gehienak, 10etik 3, 31 eta 40 urte artekoak izan dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!