Oñatiko udala

Ateak irekiko dituzte Txiki Txoko haurreskolan

2025/04/11
Card image cap
2025-2026 ikasturterako matrikula-epea apirilaren 22tik maiatzaren 9ra izango da

  Ikasturte berrirako izen-ematea datorrela eta, 4 ate ireki egun zehaztu dituzte Txiki Txoko haurreskolan: apirilaren 14, 15, 28 eta 29an. Joan nahi duten gurasoei aurrez hitzordua hartzea eskatzen zaie. Horretarako, telefonoz deitu (943 716 405), mezu elektronikoa bidali (oinati.oinati@haurreskolak.eus) edo Olakuako egoitzara bertara hurbiltzea eskatzen da. Apirilaren 22an irekiko da ikasturte berrirako matrikula epea, maiatzaren 9ra arte.

  Txiki Txoko haurreskolan, Partzuergoko gainontzekoetan bezala, matrikula doan da baina gutxieneko asistentzia bete behar dute haurrek. Zerbitzuaren doakotasunak plaza eskaeran eragin du eta asko handitu da Oñatiko eta gainontzeko haurreskola publikoetako matrikulazioa. Izena ematen dutenen eskaerak barematu egiten dira eta lehentasun irizpide batzuk aplikatzen dira; anai-arrebak haurreskolan egotea, gurasoen lan egoera, familia unitatearen urteko errenta edota familia ugari izatea kontutan hartzen dira, besteak beste.

  Apirilaren 22an irekiko den matrikula epea irailetik aurrera hasiko diren haurren izena emateko da, hau da, 2024an edo 2025 honetan jaiotako haurren izena emateko. Txiki Txokok bost gela ditu eta 55 plaza guztira: 8na, 0-1 urte arteko bi geletan eta 13na, 1-2 urte artekoen hiru geletan. Haurren izen-ematea aurrez aurre egin ahal izango da Txiki Txokon bertan edota telematikoki www.haurreskolak.eus atariaren bitartez, maiatzaren 9ra arte.

  Haurrak matrikulatzeko oinarrien inguruko informazioa jaso eta instalazioak ikusteko antolatu dira aipatu ate ireki egunak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!