Oñatiko udala

Ate irekietarako hitzorduak ematen ari dira Txiki Txoko haurreskolan

2024/04/17
Card image cap
2024-2025 ikasturterako matrikula-epea astelehenean hasiko da eta ate irekiak egingo dira datorren astean, arratsaldero

  Astelehenetik, apirilaren 22tik maiatzaren 10era arte izango da ikasturte berrirako matrikula betetzeko aukera Txiki Txoko haurreskolan. Lehen astean, arratsaldero, ate irekiak egingo dira, 16:30etatik aurrera eta hitzorduak ematen hasi dira jada.

  Txiki Txoko haurreskolan, Partzuergoko gainontzekoetan bezala, matrikula doan izango da datorren ikasturtean baina gutxieneko asistentzia bete beharko dute haurrek. Kurtso honetan indarrean sartu den doakotasunak plaza eskaeran eragin du eta asko handitu da Oñatiko eta gainontzeko haurreskola publikoetako matrikulazioa. Izena ematen dutenen eskaerak barematu egiten dira eta lehentasun irizpide batzuk aplikatzen dira; anai-arrebak haurreskolan egotea, gurasoen lan egoera, familia unitatearen urteko errenta edota familia ugari izatea kontutan hartzen dira, besteak beste.

  Haurrak matrikulatzeko oinarrien inguruko informazioa eman eta instalazioak erakusteko, ate ireki jardunak egingo dituzte datorren astean arratsaldero Txiki Txokon, 16:30etatik aurrera. Joateko interesa dutenei aurrez izena ematea eskatzen zaie eta lehenengo txandak zehaztu dituzte jada. Interesa duten gurasoek telefonoz deituta hitzordua eskatu dezakete (943 716 405).

  Astelehenean irekiko den matrikula epea irailetik aurrera hasiko diren haurren izena emateko da, hau da, 2023an edo 2024 honetan jaiotako haurren izena emateko. Txiki Txokok bost gela ditu eta 55 plaza guztira: 8na, 0-1 urte arteko bi geletan eta 13na, 1-2 urte artekoen hiru geletan. Haurren izen-ematea aurrez aurre egin ahal izango da Txiki Txokon bertan edota telematikoki www.haurreskolak.eus atariaren bitartez, apirilaren 22tik maiatzaren 10era arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!