Oñatiko udala

Ate irekiak, bisitak eta elkarrizketa pertsonalizatuak antolatu dituzte herriko ikastetxeek

2025/01/30
Card image cap
Otsailaren 3tik 14ra irekiko da 2025-2026 ikasturterako aurre-matrikula epea

  Epaileek Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastetxeetako plangintza dekretua baliogabetu eta bi asteetara irekiko da ikasturte berrirako aurre-matrikulazio epea. Hezkuntza sailak helegitea jartzeko asmoa iragarri zuen eta zehaztu zuen epaia ez dela irmoa eta ondorioz, dekretuak indarrean jarraitzen duela. Horrek esanahi du ikasleen segregazioa eragozteko 2023an hartutako neurriek indarrean jarraituko dutela. Hala, gurasoek, galdetegi luze bat bete beharko dute matrikula-eskaera egiterakoan. Erantzunen araberako baremazioa egingo du Hezkuntza sailak eta horren araberako ikasle banaketa egingo du, herrian dauden hiru ikastetxeak kontutan hartuta. 2024-2025 ikasturte honetan EAEko familien ia % 95ek seme-alabak hautatutako lehen aukeran matrikulatu ahal izan zituztela jakinarazi du Hezkuntza sailak, hala ere, ikastetxe bat baino gehiago hautatzeko komenigarritasuna azpimarratzen du.

  Otsailaren 3tik 14ra izango da 2025-2026 ikasturterako matrikula epea HH 2 mailatik hasi eta DBH 4. mailara arte. Baina ekintza gehienak datorren ikasturtean eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoen gurasoei zuzenduta daude, besteek, normalean, ikasketak hasitako zentroan edo hezkuntza ereduan jarraitzen baitute.

  Txantxiku ikastolan bihar arratsaldean, 17:15etan, haur eta lehen hezkuntzako eremuak irekiko dituzte eta eskaintzen den hezkuntza eredua eta zerbitzuak azalduko dizkiete bertaratzen diren guraso guztiei. Bisita pertsonalizatuak ere egin ahal izango dira, hitzordua aurrez eskatuta. Urgain herri eskolan talde bisitak antolatu dira larunbaterako. Ordutegi ezberdinak zehaztu dira eta bisitak euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera eskaintzen da. Larunbatean ezin duten gurasoek ikastetxea eta hezkuntza eredua astean zehar ere ezagutu ahal izango dute, kasu honetan ere aurrez hitzordua eskatuta. Eta berdin Elkar Hezi ikastetxean ere. Telefonoz deituta edo eskolako web ataritik hitzordua eskatu eta bilera eta bisita pertsonalizatuak egiteko aukera eskaintzen zaie balizko ikasle berrien gurasoei. Oñati institutuan ere ate irekiak antolatzen dituzte ikasle zein gurasoei zuzenduta. Otsailaren 4an, 18:00etan, irekiko dituzte Zuazola institutuko ateak eta gaztetxoei institutuko ikasleek egingo diete harrera eta gurasoei zuzendaritza taldeko ordezkariek.

  Aurrematrikulazio epea otsailaren 3tik 14ra izango da eta behin behineko zerrendak martxoaren 18an argitaratuko ditu Hezkuntza sailak. Erreklamazioetarako epea apirilaren 10ean itxiko da eta horiek errebisatuta, behin betiko zerrendak, apirilaren 15ean kaleratuko dira. Bi urteko haurrak dira nagusiki ikasturte berrian eskolaratuko direnak eta Oñatin 2023an jaiotako 73 daude erroldatuta, Eustat-en arabera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!