Oñatiko udala

Ate ireki, hitzaldi, bisitak eta elkarrizketa pertsonalizatuak antolatu dituzte herriko ikastetxeek

2024/02/01
Card image cap
Otsailaren 7an irekiko da 2024-2025 ikasturterako aurre-matrikula epea

  Ikasleen segregazioa eragozteko iazko neurriek indarrean jarraituko dute eta matrikula-eskaerak aurkezteko inkestak iazkoak bezalakoak izango dira. Baina aldaketa garrantzitsua egin da iaz jaso ziren kexen haritik; aukeratutako ikastetxean anai-arreba duten haurrek plaza ziurtatuta izango dute. Eskolaratzeko eskaera berean bi anai-arreba edo gehiago baldin badaude, bakoitzak 6,5 puntu jasoko ditu, bikiak dituzten familiei laguntzeko. Baremoko irizpideetan, puntuaziorik handiena etxebizitzaren hurbiltasunagatik jaso daitekeela ere argitu dute Hezkuntza Saileko arduradunek azken egunetan. Aurrematrikula epeak zaindu eta eskaerak garaiz betetzea eta ikastetxe bat baino gehiago hautatzeko komenigarritasuna ere azpimarratu da. Otsailaren 7tik 23ra izango da 2024-2025 ikasturterako matrikula epea HH 2 mailatik hasi eta DBH 4. mailara arte. Baina ekintza gehienak datorren ikasturtean eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoen gurasoei zuzenduta daude, besteek, normalean, ikasketak hasitako zentroan edo hezkuntza ereduan jarraitzen baitute.

  Txantxiku ikastolan bihar arratsaldean, 17:00etan, haur eta lehen hezkuntzako eremuak irekiko dituzte eta eskaintzen den hezkuntza eredua eta zerbitzuak azaltzeko informazio-bilera egingo da. Otsailaren 16an, berriz, bigarren hezkuntzako eremuak ikusi eta bertako dinamika ezagutzeko ate irekiak egingo dira. Urgain Herri Eskolan talde bisitak antolatu dira larunbaterako. Ordutegi ezberdinak zehaztu dira eta bisitak euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera eskaintzen da. Larunbatean ezin duten gurasoek ikastetxea eta hezkuntza eredua astean zehar ere ezagutu ahal izango dute, baina guztiek aurrez hitzordua eskatu behar dute, zuzenena, ikastetxera telefonoz deituta. Elkar Hezin ere bisita pertsonalizatuak egiten ari dira guraso-berriekin. Hitzordua eskatu behar da ikastetxera deituta. Oñati institutuan ere ate irekiak antolatzen dituzte balizko ikasle berriei eta gurasoei zuzenduta. Otsailaren 15ean, 18:00etan, irekiko dituzte Zuazola institutuko ateak eta gaztetxoei institutuko ikasleek egingo diete harrera eta gurasoei zuzendaritza taldeko ordezkariek.

  Aurrematrikulazio epea otsailaren 7tik 23ra izango da, esan bezala, eta behin behineko zerrendak martxoaren 26an kaleratuko ditu Hezkuntza Sailak, erreklamazioetarako epea berriz, apirilaren 10ean itxiko da. 2022an jaiotako 80ren bat neska-mutiko daude Oñatin erroldatuta. 

  Plazen banaketaren inguruan kexak izan ziren iaz, baita Oñatin ere. Elkar Hezin HH2ko gelarik ez zela irekiko zabaldu zen hasieran, nahiz eta ez den hala gertatu, eta Txantxiku ikastolan ere, ezinegona nagusitu zen eta elkarretaratzeak egin ziren ikastetxearen aukera gurasoen esku uztea eskatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!