Oñatiko udala

Astelehenean hasiko dira jakinarazpenak banatzen hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarrei

2024/03/22
Card image cap
Atzoko Osoko Bilkuran egin zen presidente, bokal eta ordezkoak izendatzeko zozketa

  Apirilaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 15 mahai irekiko dira Oñatin. Mahai bakoitzerako presidente bat eta bi bokal izendatu dira eta horietako bakoitzak gainera bina ordezko izango ditu, titularrak ezintasunen bat baleuka haren lekua betetzeko. 135 herritarrek jasoko dute titular edo ordezko izateko jakinarazpena datozen egunotan.

  Atzoko Osoko Bilkuran egin den zozketa eta aplikazio informatiko baten bidez atera ziren mahaitan egon beharko duten herritarren zerrenda. Hautesleak identifikatuta, izendapenen jakinarazpenak prestatzen ari dira eta astelehenean banatzen hastea aurreikusten da; udaltzainek etxeetara banatuko dituzte jakinarazpen ofizialak eta izendatua ez badago, berriro bueltatuko dira. Oso garrantzitsua baita izendapenak eskura ematea interesatuak jaso duela ziurtatzeko.
Legez derrigorrezkoa da hauteskunde-mahaiko presidente edo bokal lanak betetzea. Badira ordea, hori ez betetzea justifikatu dezaketen hainbat kasu. Halakoren batean dagoenak, jakinarazpen orria jasota zazpi eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Alegazioak digitalki bete daitezke. Bergarako Hauteskunde Junta ardura da alegazioak onartu ala ez.

  Kontsulta internet bidez egiteko aukera aztertzen ari dira udal arduradunak, baina hori ere, egitekotan, datorren astelehenetik aurrera egin ahal izango da, lehenago ez.

  Bestalde, hiru oñatiarren izenak ikusi ditugu Eusko Legebiltzarrerako hautagaien artean. Alberto Alonso Martin, azken legealdian legebiltzarkide izan dena, PSE-EE alderdiaren Arabako zerrendan laugarren agertzen da. Marijo Etxegoien Arzuaga, EAJren zerrendetan hamargarren doa, aurrez genekien bezala, eta Maialen Urzelai Azpiazu berriz, EH Bilduren zerrendan lehenengo ordezko izendatu dute. Hori da behintzat astean argitaratu diren hautagai zerrendetan argitaratu dena. Akatsak egon daitezke eta horiek zuzenduta, behin betiko zerrendak asteartean argitaratuko dira.

  Dagoeneko argitaratu dira baita ere, mitinetarako eta propagandarako lekuak. Plaza ondoko eta Zubikoako pilotalekuak, Kultur etxeko eta Santa Anako aretoak, Udaletxeko areto nagusia eta Foruen enparantza erabili ahal izango dira, egutegi eta ordutegi jakin baten barruan eta eskaera aurrez eginda. Hauteskunde kanpainako kartelak eta pankartak jartzeko lekuak ere ohikoak dira: Kultur etxeko lorategiko burdinsarea, Bidaurretako fraideen ortuko burdinsarea, Portu kalean Galartzaneko burdinsarea eta Lazarraga kaleko Garai finkako lorategiko burdinsarea. Udalak, hamarna panel kokatuko ditu leku bakoitzean alderdiek kartelak itsatsi ditzaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!