Astelehenean hasiko da landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari lanpostua osatzeko azterketaldia
Hautaketa prozesua bideratuko duen epai mahaia bildu, azterketak prestatu eta probetarako guztien egutegia bateratzeak luze jo duen arren, hastear dago, esan bezala, landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari lanpostua osatzeko azterketaldia. Lehen ariketa, teorikoa, astelehen goizean egingo da udaletxean. Hartarako, lanpostuaren deialdiarekin batera argitaratu zen gaitegia hartuko da oinarri. Hala, hondakinen kudeaketaz, mendi eta basoez, jasangarritasunaz, ingurumenaren babesaz, lurralde antolamenduaz, nekazaritzaz edota administrazioaz eta ondasunez galdetu ahal izango zaie hautagaiei. Alegia, gero beteko dituzten funtzioei egoki erantzun ahal izateko beharrezkoak dituzten ezagutza teorikoei buruz. Izan ere, teknikari berriaren ardurapekoak izango dira besteak beste, baserri seinaleen proiektuaren garapena, suteen aurkako plana garatzea, udalaren lursail patrimonialen inbentarioa eguneratu eta basoen antolamendu plana egitea, urteko jasangarritasun programa diseinatu eta gauzatzea, mendiko lanak egiteko lan taldearen eta bere lanen zuzendaritza eta ikuskaritza, auzo konpost guneen eta aisialdi baratzen kontrola eta jarraipena, elurra kentzeko lanetan ekipoak zuzentzen laguntzea, auzo bideen konponketak ikuskatzea eta aurrez, auzo bideen konponketa plana eta obra proiektuak egiten laguntzea.
Bost hautagai dira lanpostura aurkeztu direnak: hiru gizonezko eta bi emakume. Guztiek, lehen azterketa, astelehenean goizeko 10.00tan, udaletxean izango dute. Gainditzen dutenek, azterketa praktikoa egin beharko dute eta eskatutako laugarren hizkuntza eskakizun maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarazkoa ere bai. Baina hori gerora izango da, lehen azterketa egin eta gainditu ondoren, esan bezala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!