Oñatiko udala

Asteko bigarren greba eguna dute hezkuntza publikoko irakasleek

2025/03/26
Card image cap
(Arg: Jon Urbe/FOKU)
Urgain eskolako irakasleen % 83ak eta institutukoen %17k babesten dute greba deialdia

  Ikastetxe publikoetako irakasleak grebara deituta daude berriro; atzo, gaur eta bihar eta datorren astean, astearte eta asteazkenean lana uztera deituta daude. Oñatin erantzun ezberdina izaten ari da ikastetxearen arabera, aurreko hilabeteetako  deialdietan gertatu zen bezala. Haur eta lehen hezkuntzako ikastetxean, Urgainen, babesa zabala izan du, irakasleen % 83ak greba egitea erabaki baitu, eta Zuazola eta Larrañako eraikinak biltzen dituen Oñati institutuan berriz, % 17ekoa da jarraipena. Ondorioz, Urgain herri eskolara doazen ikasleen zaintza bermatzen da, Hezkuntza sailak agindutako gutxieneko zerbitzuak beteaz. Eta Oñati institutuan eskolak ematen dira, greban dauden irakasleen orduetan izan ezik.

  Azken 15 urteetan berritu ez den lan hitzarmena eguneratzea, lan-zama eta burokrazia arintzea, plantilak gaztetzeko plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea, langileen lan osasuna bermatzea eta hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hizkuntza politikak abiaraztea eskatzen dute, besteak beste, irakasleek. Astelehen arratsaldean bilera batera deitu zituen Hezkuntza sailak, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuak. Batzarra ordu txikiak arte luzatu zen baina adostasunik gabe amaitu zen. Sindikatuetako bozeramaleek jakinarazi dutenez, Hezkuntzak zehaztasun gabeko proposamenak eraman zituen eta batasuna apurtzen saiatu zen sindikatu bakoitzarekin banaka negoziatzen. Hezkuntza sailetik, bestalde, adierazi dute sindikatuak interes propioakdefendatzen ari diela eta ez hezkuntza publikoa.

  Urgaineko irakasleek GURELOHE guraso elkartearen babesa dute; andereño-maixuen eskabideek eskola publikoaren hezkuntza kalitatean zuzenki eragingo duela uste dute eta hala adierazi zuten pasa den astean, martxoaren 19 eta 20an, eskolan egin zituzten elkarretaratzeetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!