Oñatiko udala

Asteburuko haizete gogorrak hainbat abisu eta susto eragin zituen gurean

2017/02/06
Card image cap
Aita Lizarralde kale inguruan arbol bat kable elektrikoaren gainera jausi zen, zorionez, zerbitzutik kanpo zegoen

  Asteburu haizetsua izan da pasatakoa. Bereziki, ilunkaretan bizitu da haizea eta horrek, hainbat arazo sortu ditu gurean. Zapatuan eta igandean udaltzainek bina abisutan esku hartu behar izan zuten. Larunbatean, Zubillagatik deia jaso zuten Urkulurako bidean arbol bat jausita zegoela jakinaraziz. Urtiagain inguruan adar bat errepidea oztopatzen zuela ere jakinarazi zieten. Bi bideak garbitu ziren. Igandean berriz, Aita Lizarralde kaleko bizilagun batek inguruko arbol bat jausi eta kable elektrikoa eraman zuela esanez abisua eman zuen. Kableak San Martin egoitza argindarrez hornitzen zuela pentsatu zen eta berehala Oñargi enpresari jakinarazi zitzaion. Azkenean, zorionez, sustoa besterik ez zen izan, apurtutako kableak ez baitzuen indarrik, aspaldi zerbitzutik kanpo utzi zen kablea zen. San Lorentzotik ere abisua jaso zen igandean, haizearen ondorioz, kristal handi bat erortzeko puntuan zegoela jakinaraziz. Kasu honetan ere, beharrezko neurriak hartu ziren, inork minik hartu ez zezan.

  Haizeak gogor jo du asteburuan, larunbatean esaterako, goizaldean, 84 Km/h indarra zuen haize ufada neurtu zen Arrasaten. Atzo berriz, 97 Km/h indarreko beste ufada bat erregistratu zen. Beti ere, Arrasateko datuak ematen ditugu, hemen inguruan, halakoak sistematikoki, Arrasaten jasotzen baititu Euskalmet zerbitzuak. Udaltzainen antzera Ertzaintzak ere abisuak jaso zituen Oñatitik. Udanarako bidean esaterako, adar pila bat jausi dira asteburuan eta zapatu goizaldera, arbol bat ere apurtu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!