Oñatiko udala

Asteburuko apurketa eta kalteak salatu ditu Udalak

2021/06/21
Card image cap
Kalegoienako aparkalekurako sarrera kristala, asteburuan
Konponketek udal aurrekontua ez ezik, langileen lanorduak eskatzen dituela dio alkateak, sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean

  Kalte ugari eragin dira asteburuan herriko zonalde ezberdinetan. Markesina, kabina eta lokaletako kristalak apurtuta eta piboteak botata agertu dira.

  Asteburuan izan diren kalteen zerrenda luzea osatu du udaltzaingoak. Publiko nahiz pribatu diren hainbat jabetza kaltetu dira. Aipagarria da kristal apurketa ugari izan direla: Lizaur kaleko kabinan, Kalegoienako autobus geltokiko markesinan eta Egaralurrek duen lokalean eta auto baten kristala ere bai, Martzelino Zelaia kalean. Markesinako kristala apurtzeko arketa bat erabili zuten eta kotxeko kristalaren kontra berriz, harria jaurti zuten, eta botila jaurtita Ultzegin kaleko ispilu bat ere apurtu dute asteburuan. Kalegoienako lurpeko aparkalekuko kristala ere guztiz apurtu zuten, gunea oso arriskutsu geratu zen eta guztiz prezintatu beharra izan zuten udaltzainek. Hainbat kaletako piboteak ere lekutik aterata, apurtuta, edo okertuta agertu dira asteburuan.
Eta MUn zabor asko bota da lurrera, Enpresagintza fakultate ondoko beira kontenedorea iraulita, barruko kristal eta botila hondarrak inguruan zabaldu ziren, modu arriskutsuan.

  Gertakari hauen haritik oharra zabaldu du Izaro Elorza alkateak bere twitter kontutik, Udalak, asteburuko apurketak salatzen dituela adieraziz, eta halako ekintzarik ez egiteko eskatuz. Eragindako kalteak konpontzeak denona den dirua erabiltzea ekarriko duela, eta ondorioz, ez dela udalaren aurrekontua soilik, langileen lanorduak eskatu eta denoi eragiten digulako. Horregatik,  suntsitzera baino indarrak herria eraikitzera bideratzea eskatu du alkateak, sare sozialen bidez zabaldutako oharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!