Asteburuan hasiko dira ikatza ateratzen San Martingo txondorretik
Larunbatean, 9:00etan hasiko dira San Martingo txondorretik ikatza ateratzen eta, larunbatean ez ezik, igandean ere horretan arituko direla jakinarazi dute Txondorraren bueltan lan taldeko kideek. Oñatin ez ezik, Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere txondorrak egiten dituzte eta horretan diharduten asko, lagun eta gidari izan dituzte oñatiarrek, aspaldiko lanbide hori gurean errepikatu ahal izateko. Txondorgile horietako batzuk Oñatin izango dira asteburuan eta laguntzen arituko dira. Herritarrak ere bertaratzera gonbidatzen dira, ikatza atera eta hozten uzteko prozesuaren lekuko izan daitezen, orain arte egin diren beste lanetan bezala.
Larunbat eta iganderako asmoak dira horiek, beti ere, eguraldia lagun bada, euriarekin ez da aritu nahi eta ordutegia eta egunak ere aldatu daitezke, eguraldiaren arabera, esan bezala.
Baso-ikazkintza lanbidea ezagutaraztea eta orain 100 urte gure inguruetan hain ohikoak ziren txondorren usadioa berritzea izan du helburu Txondorraren bueltan egitasmoak. Udazkenean material bilketarekin hasi zen prozesu guztia dokumentatu da eta etorkizunerako jasota geratuko da. Mendian egiten zen jarduna kale ingurura, San Martinera ekartzea berezia izan da, herritarrengana hurbilduta, asko izan direlako auzolan deialdi ezberdinetan parte hartu dutenak, edota txondorra ikustera joan direnak.
6 bat tona egur-ikatz atera asmo da San Martingo txondorretik eta ikatza ateratzeko azken prozesu hori larunbatean, 9:00etan hastea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!