Oñatiko udala

Asteburuan egingo da ekainaren 26an hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente eta bokalak eta hauen ordezkoak izendatzeko zozketa

2016/05/27
Card image cap
Guztira, 135 herritar aukeratuko dira

  Espainiako Kongresua eta Senatua berritzeko hauteskundeak direla eta Oñatin, boto mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta hauen ordezkoen izendapenerako zozketa asteburuan egingo da udal bulegoetan. Zozketa, programa informatiko baten bitartez, alaitzean egiten da. Hautesle mahai bakoitzeko erroldak erabiltzen dira horretarako eta bakoitzetik, 9 lagun izendatzen dira. Horietako bat presidente titular izango da eta beste 2 bokalak. Postu bakoitzeko beste bina ordezko izendatzen dira. Zozketa, 18 eta 65 urte bitarteko herritarren artean egiten da. Adin tarte horretako 6972 herritar daude hauteskunde erroldan.

  Behin zozketa eginda, izendapenaren berri ematen duten agiriak bete beharko dira, ahalik eta azkarren, jakinarazpenen banaketa hasteko. Legez mugatuta daude zozketa egin, jakinarazpenak banatu eta arazoak dituztenentzat alegazioak aurkezteko epeak. Eta horiek oso estuak dira. Horregatik, bihar-etzi egingo den zozketaren ondoren, izendapen agiriak bete eta lehenbailehen banatzen hasiko dira udaltzainak. Jakinarazpenak, izendatutako herritarrei eskura ematen zaizkie, zuzenean etxera eramanda edo han topatzen ez badituzte, abisua utzi eta udaletxetik pasa daitezela eskatuz.

  Ezintasunen bat duenak, izendapenaren kontrako alegazioa aurkeztu dezake. Horretarako epea, behin jakinarazpena jaso eta zazpi egunekoa da. Baina hauteskunde mahaitan egoteko kargua, legez bete beharrekoa da eta pisuzko arrazoiak bakarrik onartzen dira. Dena den, zein arrazoi eman daitezken, izendapenarekin batera banatzen diren informazio liburuxketan agertzen da. Liburuxkan, hauteskunde mahaitan egon beharko dutenen arduraren arabera, bete beharreko lana eta erantzukizuna ere zehazten da.

  Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan, diputatuen kongresurako 11 hautagaitza eta senaturako 10 izango dira Gipuzkoan aukeran. Hori da behintzat, astean argitaratu dena. Hala ere, aldaketak izan daitezke, behin betiko hautagaitzak, asteartean argitaratuko baitira BOEn. Diputatuen Kongresu nahiz Senaturako, EAJ, PP, EH Bildu, PSE, PACMA, Partido libertario, Ciudadanos, Recortes cero-Gurpo verde, Unidos Podemos eta Partido Comunista aurkezten dira. UPyD-k berriz, Kongresurako hautagaitza soilik aurkezten du Gipuzkoan. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!