Oñatiko udala

Astebetez aurreratuta gaur egingo da uztaileko Osoko Bilkura

2024/07/18
Card image cap
2023ko Kontu orokorrak, parrokiako erreteila lanak, Usakorainoko bidegorria egokitzeko desjabetzeak eta Antixena gaztetxea hizpide izango dira batzarrean

  Diru kontuak eta ondasunak eskuratu edo udal eraikin baten erabilera-lagapena aztertuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran. Ekaineko bileraren akta onartu ondoren, 2023ko Kontu Orokorren berri emango zaie udalbatza osatzen duten kideei. Dokumentua sei entitateetako kontuez osatzen da: Udala, San Martin Egoitza Erakunde Autonomoa, Oñargi, Oñatiko Ur Jauziak eta Merkaoña, batetik, eta Suradesa administrazio zentralak Oñatiko Udalari atxikitakoa, bestetik. Bakoitzaren ikuskaritza egin da eta osatu den memoriaren berri emango da gaurko Osoko Bilkuran.

  Diru Kontuekin jarraituz, eta parrokian egiten ari diren erreteila eta konponketa lanen harira Udala eta Mikel Deunaren Parrokiaren arteko lankidetza hitzarmen dokumentua azalduko da; aipatu lanetarako 35.000 euroko dirulaguntza ematea proposatzen da.

  Hirigune historiko eta Usako aisialdi gunea elkar lotuko dituen bidegorri berria egokitzek proiektua onura publikotzat deklaratu eta, ondorioz, hori gauzatzeko desjabetuko beharko liratekeen ondasunen eta titularren zerrendari hasierako onespena ematea ere proposatuko da arratsaldeko bileran. Era berean, Antixena Gazte Kultur Elkarteari, Patrue kaleko 7a den eraikina, hau da, egun Antixena gaztetxea den eraikinaren erabilera doanik lagatzeko proposamena egingo da.

  Uztaileko Osoko Bilkurarako 14 puntuko lan zerrenda osatu da. Astebetez aurreratu da udalbatzaren bilera, datorren osteguna jaieguna baita. Udako etenaren aurreko azken batzarra izango da gaur arratsaldekoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!