Asteazkenean jarriko da martxan udazkeneko bonu kanpaina
Diruz lagundutako erosketa bonuen kanpaina berria jarriko du abian Udalak urriaren 4an, datorren asteazkenean. Orduan aktibatuko da berriro oñati.bonoak.eus web orria. 37 saltoki batu dira urteko bigarren kanpaina honetara baina atxikitzeko aukera zabalik dago oraindik.
Oñatin erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ditzakete bonuak. %20ko deskontudun bonuak erosteko 50 euroko muga izango du pertsona bakoitzak. Udazkeneko kanpaina asteazkenean abiatuko da eta azaroaren 30era arte, edo aurrekontua agortu arte, luzatuko da. Orain eskuratzen diren bonuak, eta udaberriko kanpainan gastatu ez zirenak erabiltzeko azken eguna abenduaren 7a izango da.
Udalak diruz lagundutako erosketa bonuak eskuratzeko bi bide daude: online, aipatu oñati.bonoak.eus webgunearen bidez, edo, aurrez aurre, kanpainara atxikitako saltokietan bertan. Udaberriko kanpainan agortu ez ziren 2.500 euroak batu dira udazkeneko kanpainara eta guztira, 17.500 euroko aurrekontua du udalak orain eskuratzen diren bonuetarako.
Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzea helburu du diruz lagundutako erosketa bonuak eskuragarri jartzeko ekimen honek. Udaberriko kanpainaren baitan 1.361 herritarrek erosi zituzten bonuak, eta modu horretan 86.217 euroko salmentak sustatu ziren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!