Asfaltatze lanak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Herri guneko kaleen asfaltoa berritzeko diru partida izaten da urtero udal aurrekontuetan. Lanak, premiaren arabera programatzen dira eta udako hilabeteetan egiten saiatzen dira, eguraldia egokiagoa den garaia delako eta oporrak tarteko, trafiko gutxiago dagoen garaia ere badelako. 2017ko asfaltatze lanen proposamena aztertuko da arratsaldeko tokiko gobernu batzarrean. Hirigintza eta Zerbitzuak batzordearen aldetik ikusten diren premiak aurkeztuko dira eta lehentasunaren arabera zerrendatuko dira.
Argiteria azpiegituren mantenua ere egunean izatea komeni da eta alde horretatik argiteria koadroetan behe tentsioko azterketak egiteko proposamena egingo da arratsaldeko bileran. Era honetako lanak garaiz programatu eta jakinaraztea komeni izaten da herritarrengan sortu ditzaketen ondorioak murrizte aldera. Argi kontuekin jarraituz bestalde, Araozko elizondoa argiztatzeko asmoa dago eta horretarako jaso den aurrekontuaren berri emango zaio gobernu taldeari gaurko batzarrean. Ingurumena eta landa garapena batzordearen eskutik, Garagaltza, Zubillaga eta Torreauzoko jaien berri emango da eta Okitaño baratza-elkartearekin udalak iaz sinatu zuen hitzarmena eguneratzea ere proposatuko da, besteak beste.
41 gaiko lan zerrenda osatu da bilerarako. Aipatutakoez gain, Moiua kalean supermerkatu bat jartzeko eskaera edota hainbat herritarrek etxean egin asmo dituzten lanetarako udal baimen eskaerak aztertuko dira. Neguari aurre hartuz, hainbat eraikin termikoki isolatzeko zenbait eskaera aztertuko dira arratsaldeko batzarrean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!