Asfaltatu berri diren bide eta kaleak margotuko dira astean
Aurrera darraite herriko bide eta kaleen asfaltatze lanek. Zoladura berritu den hainbat gunetan margotze lanak egingo dira astean eta Berezaorako sarrera eta Natra enpresa aurrealdeko errepidea prestatzen ari dira, ostirala eta larunbata bitartean asfaltatzeko.
Asfaltatze lanen antzera margotze lanak saltoka egingo dira herriguneko hainbat kale eta bidetan. Biharkoak jada zehaztuta daude, asteazkenetik aurrera egingo direnak gaur bertan programatzea espero da. San Lorentzo auzoko 10. areari dagokion gunea bihar margotuko da. San Lorentzo eta Errekalde lotzen dituen tunel parean hasi eta goiko bihurgunera arteko tartea eta bide nagusi horrekiko perpendikular diren hiru kaleak margotuko dira, aparkalekuak, oinezkoen pasabideak eta bestelako seinaleztapen horizontala osatuz. Anbulatorio ondoko errotonda eta bertatik goiko aparkalekurako bidean oinezkoentzako pasabidea era bihar margotuko da. Amaitzeko, azoka ondoko biribilgunea eta Zurrust taberna aurrealderainoko bidea margotuko da, erreka aldera dauden aparkalekuekin batera. Margotze lan hauek ez dute trafikoan eragingo, une puntualen batean ez bada behintzat, baina bai aipatutako aparkalekuetan, hau da, San Lorentzora sartzeko lehen aldaparen goialdean eta hiru kale transbertsaletan eta Bidebarrieta kalean, kiroldegi aldamenean, erreka aldera dauden aparkalekuetan. Guztiak bihar goizeko lehen ordutarako hutsik utzi beharko dira margotze lanak egin ahal izateko.
Berezao-Natra inguruko errepidea berriz, astearen hondarrean, ostiral-larunbatean asfaltatzeko asmoa dago, eguraldia lagun, eta kasu honetan bai, bidea itxi egingo da Eroski paretik gora Azkoagain bitartean eta Berezao aldera, Santa Lutziako zelaia pareraino. Sakona da Natra enpresa inguruan egin beharreko eskuhartzea, zorua, oso egoera txarrean baitago gune askotan. Prestatze lanak egiten hasi dira gaur baina trafikoan eragin gabe. Asfaltatze lanak ostiral eta larunbata bitartean egingo dira, eta orduan bai, errepidea gutiz itxiko da.
Lanak Elkar Hezi ikastetxe paretik gora eta Azkogaingo sarrera bitartean egingo dira eta Berezao aldera, industrigune bitartean. Errepidea ez ezik, Natra aldamenetik Azkoagainera doan espaloia ere asfaltatuko da, bidearen maila edo kota berean mantenduz. Pisu handiko kamioiak ibiltzen dira espaloi horretan eta porlanez jasotzea baino asfaltatzea egokiagoa dela, iraunkortasun handiagoa izango duela, baloratu da. Ibilgailu eta oinezkoentzako bideak bereizteko kolorea erabiliko da,, espaloia gorriz margotuko da.
Gorriz margotu da baita ere, Torreauzoko zubian egokitu den oinezkoen bidea, egur-kargaleku paretik doan bidegorriari jarraipena emanez. Bidegorriaren aurreko trazatua bereizten zuten markak kenduko dira Torreauzoko zubirako sarreran zorua fresatuz. Lanok ere astean egingo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!