Oñatiko udala

Asfaltados Urretxuk egingo ditu bide sarea konpondu eta hobetzeko lanak

2025/02/07
Card image cap
Gaur sinatu den kontratuaren aurrekontua 250.213 euro da

  Iazko ekainaren 18ko auzo-alkateen foroan zehaztu eta adostu zen konponduko diren bideak eta bakoitzean lehenetsiko diren lanak. Landa eremuko sei bidetan konponketa lan ezberdinak egitea erabaki zen eta zazpigarren batean, hobekuntza lanak; guztira, 28 konponketa lan eta 2 hobekuntza lan egingo dira. 

  Injelan enpresak idatzitako exekuzio proiektua oinarri hartuta deitu zen esleipenera hiru enpresa aurkeztu ziren baina bat prozesutik baztertu zen, proposatutako eskaintza neurri gabekoa izanik eskatu zitzaion prezioen justifikazioa ez zuelako presentatu. Azkenean, lanak, Asfaltados Urretxu enpresari esleitzea erabaki zen, aurkeztutako lan memoria bereziki baloratuta. Izan ere, eskaintza ekonomikoa garestiena presentatu zuen, 250.213 euro, baina epeak laburtu eta exekuzio proiektua hobetzeko proposamen-txostenak balorazio ona jaso zuen. Lanen kontratua gaur sinatu da eta sei hilabeteko epean egingo dira.

  Bide sarea konpondu eta hobetzeko kanpaina honen baitan Koixkar, Torretxebarri-Lizargarate, Etxatxo-Santue, Askontegi, Gesaltza eta Arantzazurako igoeran, zorua asfaltatzeko lanak egingo dira, bideen zati bakarrean edo hainbatetan, eta tartean, ertzak ziurtatzeko profilak ere sartuko dira. Araotzen berriz, Araozko bide nagusitik Maña auzora dagoen sarbideko kurba hobetzeko lanak egingo dira, kurba zabalduko da eta honi eusten dion horma luzatuko da, zati batean horma berria eginez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!