Artzamendi eraikuntza enpresak egingo ditu Usakorako bidegorria egokitzeko lanak

10 hilabeteko epea zehaztu zuen Udalak Usakoko bidegorri adarra eratzeko, udarako ez dira amaituko baina hasita behintzat egongo dira, eta ondo bidean, Gabonen bueltan amaituko dira. Udalak deitu zuen esleipen prozedura osatu da, kontratua Artzamendi eraikuntza enpresarekin sinatuta.
Usakoko bidegorri adar berria GI-3593 errepidearen trazatuari jarraituz, Torreuzoko zubitik Mutueta edo Zuazola ingururaino egitea aurreikusten da baina, lehen fasean, Exibai eta Usako baserrien arteko pareraino egingo da. Fase hau da esleitu dena. Girder enpresaren proiektuaren arabera, bidegorria, lehen metrotan, errepidearen eskuma aldetik, Elazarraga baserriaren aldetik bideratuko da eta Chinchurreta pasata, errepidea zeharkatu eta ezkerraldetik joango da, Exibai baserria pasatu arte. Horrela, Etxe Haundi jatetxea eta Chinchurreta lantegirako joan-etorriak sor ditzaketen arriskua murriztu nahi da. Proiektua gauzatzeko, 3 partikularren 7 lursail eskuratu behar izan ditu Udalak, 928 metro karratu.
Lau enpresa aurkeztu ziren esleipen prozesura eta Artzamendik lortu zuen puntuaziorik altuena, eskaintza ekonomiko merkeena proposatuta, hori izan baita esleipenerako irizpide nagusia. Exekuzio proiektuak izan zitzakeen gabeziak edo akatsak antzeman eta soluzio aukerak proposatzeko nahiz lanak egin bitartean trafikoan eta auzotarrengan ahalik eta eragin gutxien izateko neurrien balorazioan, bigarrena izan da. Lanak, 712 mila eurotan egingo ditu, Udalak zehaztu zuen aurrekontua 100 mila eurotan merkatuta. Lanak berehalakoan hastea aurreikusten dute udal arduradunek.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!