Oñatiko udala

Artzain txaboletan egindako hobekuntza lanetarako bigarren dirulaguntza deialdia argitaratu du Udalak

2024/09/26
Card image cap
Lehen deialdian banatu gabe geratu ziren 9.761 euroko diru-poltsa dago

  Herri Onurako Mendietan dauden artzain txaboletan egindako hobekuntza lanak diruz laguntzen ditu Udalak. Mendiko larreak kontserbatzeko asmoz, abeltzaintza estentsiboa eta, bereziki, ardi-aziendak sustatzea da laguntza hauen helburua. Bide batez, udal ondare diren artzain txabolen mantenu eta kontserbazioan laguntzea. Otsaileko Osoko Bilkuran onartutako dirulaguntza hauen deialdia martxoan argitaratu zuen Udalak, eta eskaera bakarra jaso zen, Tellatxabola deritzonean hainbat konponketa egiteko. Eskaera onartu zen baina ez zen hartarako zegoen diru partida guztiz agortu, ondorioz, aurten bigarren deialdi bat egitea onartu zen Tokiko Gobernu Batzarrean, irailaren 12an. 9.761 euro daude orain, artzain txaboletan egindako hobekuntza lanetan laguntzeko.

  Dirulaguntza hauetan atal ezberdinak bereizten dira: jarduerari lotutako gastuak, eta artzaintza ustiategien errentagarritasuna hobetzeko inbertsioak eta bereziki energia gastua murrizteko, ekoizpena handitzeko edo nekazaritza jarduerak dibertsifikatzeko inbertsioak diruz lagunduko dira. Baina baita ere, txabolaren kontserbazioari lortutako gastu arruntak, txabolaren bizigarritasun baldintza hobetzeari lotutako gastuak eta txabolaren egonkortasunari lotutako gastuak.

  Dirulaguntza jasotzeko lehentasuna izango dute ogibidez artzain direnek. Bestalde, jarduerari lotutako lanak lehenetsiko dira, txabolaren kontserbazioari lotutakoen aldean. Hala, eskatzailearen ardi kopurua, proiektuaren komenigarritasuna, aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa eta ustiategiaren ezaugarriak kontutan hartuko dira eskaerak baloratzerakoan.
Bigarren deialdi honetan 9.761 euro daude laguntza hauetarako. Eskaerak aurkezteko azken eguna azaroaren 8a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!