Artxiboen Nazioarteko Eguna ateak irekiz ospatuko du Gipuzkoako Artxibo Historikoak
Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatuko da ostiralean, ekainaren 9an. Horren harira, 4 bisita gidatu antolatu dituzte Oñatin dagoen Probintziako Artxibo Historikoan. Artxiboaren egunerokoa erakustea da helburua. Goizez eta arratsaldez bina bisita programatu dira: 10:00etan eta 17:30etan, euskaraz, eta 12:00etan eta 16:00etan, gaztelaniaz.
Ordu eta erdi inguru iraungo duten bisitetan artxiboko gune ezberdinak erakutsiko dira, baita sarbide mugatua duten eremu batzuk ere: gordailuak, lan aretoa edota zaharberritze tailerrak, esaterako. Bisitaldian dokumentuen zaharberritze-jardueraren azalpen praktikoa emango da. Bisita bakoitzean 20 lagunek parte hartu ahal izango dute, gehienera, eta joateko asmoa dutenek izena eman behar dute, telefonoz edo mailez: 943415060 / ahpg-gpah@gipuzkoa.eus.
Artxiboen jardueraz eta memoria zaintzen duten eginkizunaz gizartea sentsibilizatzea da, hein handi batetan, Artxiboen Eguna ospatu eta bisitak antolatzearen xedea. Gordetzen duten funtsa, ondare bakar eta ordezkaezina, belaunaldiz belaunaldi zaindu eta transmititzeko zeregina dutela gizarteratzeko antolatu ohi dira halako bisita bereziak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!