Artia Mendiaren ordenazio plana aho-batez onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran.
2011ko azaroan, udalbatzak onartutako biodibertsitatearen aldeko konpromisoetan, herri mendiek bete beharko lituzketen helburuak zehaztu eta horien araberako aktuazio egokiak planifikatzea aurre ikusten zen. “Basogintza herrijorran” prozesu parte hartzailean baso politikaren printzipioak jaso ziren eta horiek Artia mendian nola aplikatu landu du “Eguzki Ihintza” enpresak. Besteak beste, Artia mendian dauden zuhaitz mota ezberdinen inbentarioa egin da eta hauen kudeaketan jarraitu beharreko plangintza zehaztu du.
Orokorrean, hostozabalen aldeko baso politika bultzatzen da. Egur ekoizpenera zuzendutako konifera landaketa berririk ez egin eta bertako landaretza bultzatzea, batez ere Quercus generokoak eta bereziki haritza bultzatzea aurreikusten da. Baina zuhaitzak landatzen ibili beharrean, birsorkuntza naturala bilatzen da beti ere, planifikazio baten barruan. Ostegunean behin betiko izaeraz onartu zen Artia mendiaren ordenazio planak, datozen urteetarako plangintza zehazten du.
Herri onurako mendien kudeaketa zuzena Diputazioak egiten duen arren, jabetza udalarena izaki, Artia Mendiaren ordenazio plana foru erakundearekin elkarlanean eta adostasunez osatu dela azaldu zuen Mikel Biain alkateak azken Osoko Bilkuran.
Artia mendiak 782 hektarea ditu. Horietatik 270en bat hektarea hostozabalek osatzen dute, nagusiki pagoek. Haritzek, 9 hektarea eta erdi hartzen dute. Baina badira bestelako koniferak ere. Horien kontserbazioa eta biodibertsitatea babesteko oinarriak jasotzen dira ostegunean aho batez onartutako Artia mendiaren ordenazio planean.
Baina hau hasiera besterik ez da. Oñatiko udalak, herri onurako lau mendien jabe baita: Iturrigorri, Araotz-Txirikillaleku, Aloña eta Artia. Etorkizunean, beste hiru mendien azterketa egin eta bakoitzarentzako ordenazio plan berezia zehazteko asmoa azaldu zen osteguneko Osoko Bilkuran.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!