Arte udalekuetan begirale izateko bigarren deialdia egin du Udalak
Arrakasta handia izan du aurten ere arte udalekuen eskaintzak, 76 gaztetxok eman dute izena. Eskaera horri aurre egin ahal izateko esfortzu berezia egitea erabaki du Udalak eta 7 bat begirale kontratatzea aurreikusten du. Baina orain arte 5 hautagaik bakarrik eman dute izena, ondorioz, begirale izateko bigarren deialdia egitea erabaki da.
Hasierako baldintzak pitin bat malgutuko dira eskatzen den formazio akademikoari dagokionean: Arte batxilergoa egina izatea edo Arte Ederretako graduaren lehenengo ikasturtea gaindituta izatea eskatuko zaie hautagai berriei. Horrezaz gain, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea ere eskatuko da. Aipatutako baldintzak betetzen direnaren egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio eskaera orriari edo egiaztatzeko baimena eman udal arduradunei. Meritu gisa, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako bestelako formazioa izatea, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Meritu horiek ere agiri bidez egiaztatu beharko dira.
Arte udalekuak ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo dira, 10:00tatik 13:00tara. Hala ere, udalak, 26ra arteko lan kontratua egingo die begiraleei eta programazioa prestatzeko eta bukaeran balorazioa eta udalekuen memoria egiteko beste bi egunetan lan egitea eskatuko baitzaie. Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea bi astez luzatuko da deialdi berri honetan, gaurtik, apirilaren 11ra arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!