Arte jardunaldiak antolatu dituzte Antixena gaztetxean, apirilaren 12tik 26ra
Gaztetxean arte jardunaldiak antolatzeko interesa neurtzeko bilera irekia egin zen otsailean eta, emaitza, hamabostaldi batez luzatuko den egitarau mamitsua da. Apirilaren 12tik 26ra buztingintza, serigrafia, argazkigintza, pintura edota graffitiak lantzeko tailerrak izango dira eta haurrei zuzendutako ekintzez, mahai-inguruaz, dokumental eta solasaldiaz osatuko da egitaraua. Artixena eguna ere ospatuko da.
Iñaki Jauregialtzok emango duen buztin tailerraz hasiko dira arte jardunaldiok, apirilaren 12an; 15ean, serigrafia tailerra egingo da; 17an, pintura tailerra; photoshop ikastaroa apirilaren 18 eta 25ean; tornuarekin jolasean, 19an; argazkigintza estenopeikoa, 20an eta graffiti tailerra, 21ean. Guztiak arratsaldez egingo dira, 17:00etan edo 18:00etan hasita, ikastaroaren arabera.
Tailerrak doan izango dira baina plazak mugatuta daude. Erabiliko den materialaz Gaztetxeko kideak arduratuko dira baina izena ematerakoan, norberak ere materiala eraman dezaken galdetzen da. Dagoeneko zabalik dago izen-emate epea, martxoaren 31ra arte. Eta izena, karteletan txertatu den QR kodea eskaneatuz eman behar da (https://form.jotform.com/230443428556356).
Tailerrez gain, komikigintza Euskal Herrian mahai-ingurua egingo da, apirilaren 14an, Asisko Urmeneta, Marrakatue, Maite Caballero eta Pernan Goñirekin. Haurrei zuzendutako ipuin kontaketa eta eskulanak izango dira apirilaren 23an, eta 24an berriz, graffiti kulturaren errepasoa egiten duen Bomb it dokumentalaren emanaldia eskainiko da eta Lian Monserraterekin solasaldia egingo da. Arte jardunaldi hauen baitan mural margoketa irekia eta Artixena eguna ere antolatu dira, apirilaren 16 eta 22rako. Jardunaldiek irauten duten bi asteetan gainera, Korda, larru, gorda eta Nire azaletan argazki erakusketak izango dira gaztetxean bertan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!