Arte begirale eta udaleku irekietako begirale izateko onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu dira
11 lagun aurkeztu dira arte begirale izateko deialdietara. 8 hautagai onartu dira eta hiru baztertu, behin behineko zerrenden arabera. Oraingoz onartu diren zortzi hautagai horietatik eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu dutenak ere zehaztu dira zerrendan.Atzo argitaratu ziren zerrendak eta erreklamazioetarako hiru eguneko epea ireki da.
Era berean, udaleku irekietan begirale gisa aritzeko onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak ere argitaratu dira. Kasu honetan ez da aldaketarik izan eta behin behinean onartu ziren 130 hautagaien izenak agertzen dira behin betiko zerrendan. Hori bai, aurrekoan, nortasun agiriaren zenbakiak jasota zerrendatu ziren hautagaiak, oraingoan, izen eta abizenak argitaratu dira. Udaleko webgunean eta udaletxeko iragarki taulan ikusi daitezke zerrenda guztiak.
Udalak aldi baterako eta udako aisialdi eskaintza betetzeko kontratatuko ditu arte eta udaleku irekietarako begiraleak. Baina udaleko organigraman jasota dagoen kirol teknikari plaza ere bete asmo du eta hautaketa prozesura aurkezteko izen-emate epea etzi, apirilak 18, amaitzen da.
Kontratatu nahi den kirol teknikariaren erantzukizun orokorra izango da, Oñatin jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko proiektua sustatu, babestu, antolatu eta bideratzea. Horretarako, programen eta jardueren eskaintza osatzen duten antolaketa alderdi guztiak kudeatu eta tokiko eragileekin lankidetza sareak sortu beharko ditu, herritarrentzat interes komuneko gorputz eta kirol jardueren proiektuak garatzeko.
Kirol teknikari plazarako hautaketa prozesura aurkezteko, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako gradu titulua edo baliokidea izatea eskatzen da. Euskarari dagokionean berriz, 4. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izan beharko da.
Oposizio-lehiaketa sistema erabiliko da plaza betetzeko. Oposizio fasean lau ariketa aurreikusten dira: gai orokor eta espezifikoei buruzko froga teorikoa; deialdiko gai zerrendan edota lanpostuaren eginkizunen gaineko froga praktikoa; euskara azterketa, eskatutako maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenentzat eta gaitasun eta nortasun-probak. Lehiaketa aldian berriz, lan esperientzia eta prestakuntza osagarria baloratuko dira. Guzti hori egiaztatzen duten agiriak, hautaketa prozesura aurkezteko eskaerarekin batera presentatu beharko dira. Era berean, hautaketa prozesuetako azterketa eskubideengatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Izen-emate hori egiteko azken egunetan gaude, epea, etzi, apirilak 18, amaituko baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!