Oñatiko udala

Arropa eta ehunkien azoka Santa Marina plazan egingo da datozen bi larunbatetan

2024/09/16
Card image cap
Hurrengoan, urriaren 5ean, ez da ohiko azokarik egingo

  San Migel eta Errosaixo jaietarako barrakak astean iritsiko dira eta plaza ondoan muntatuko dituzte, Errosaixo bixamona pasa arte. Hori dela eta, asteko azokan aldaketak izango dira datozen hiru larunbatetan, ohikoa denez. Datozen bi zapatuetan, irailaren 21ean eta 28an, arropa eta ehunkien azoka lekuz aldatu eta Santa Marina plazan egingo da. Hurrengoan berriz, Herri Egunarekin bat egingo duen urriaren 5ean ez da ohiko azokarik egingo, ez arroparena ezta jakiena ere. Hala jakinarazi zitzaien larunbatean, asteroko saltzaileei.

  Udazken-neguko arropa ekartzen hasi dira azokako saltzaileak eta sasoi hasierako salmentak garrantzitsuak dira. Oñatira etortzen direnek larunbatak gurera etortzeko gordeta dituzte eta zaila da pare bat astetarako beste azoka-gune bat topatzea. Jakin badakite, azoka lekuz aldatuta ez dela berdin saltzen, erosle batzuk despistatu egiten direlako, baina Santa Marinara aldatzeko aukera izatea eskertzen dute. Gurean ohikoa izaten da, gainera, Korpus eta San Migel jaien bueltan egiten diren leku aldaketa hauek. Datozen bi larunbatetan, beraz, arropa eta osagarrien postuak Santa Marina plazan egongo dira eta hiru aste barru, urriaren 5ean, ez da ez arropa posturik ez ohiko jaki posturik jarriko.

  Herri Egunean ez da asteroko azoka egingo merkatu plazan baina fruta, barazki, ogi, pastel eta bestelako gutiziak eskuratzeko aukera izango da Sancti Spiritus unibertsitate inguruan. Herri mailako fruitu eta barazki lehiaketa edota lore eta landare erakusketaz gain, bestelako janari eta artisau produktuen salmenta puntuak jarriko direlako unibertsitate aurrealdean eta institutu aldameneko pasabidean. 20 saltzailek egin dute hartarako eskaera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!