Oñatiko udala

Arrikrutzeko koba ezagutzeko bisita gidatu berezia antolatu da hilaren 14rako “ondarea bertatik bertara” egitasmoaren baitan

2015/11/05
Card image cap

  Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta,  lurraldeko ondarea ezagutzera emateko bisita gidatu programazio berezia antolatu da datorren astebururako, azaroaren 14 eta 15erako.

  Ekimenera hamalau herri batu dira eta beste horrenbeste ekintza antolatu dituzte Aldundiak koordinatuta. Lurraldean barrena, era guztietako ondarea ikusi ahal izango da. Oñati ere, ekimenera atxiki da eta Arrikrutz antzinako animalien artean izeneko bisita berezia antolatu da familiei zuzenduta. Arrikrutz, antzinako animalien aztarnategien artean aitzindaria izaki, animalia horien ezaugarri eta ohiturak ezagutzeko bisita gidatua egingo da.
Bisita, euskaraz, azaroaren 14an, 10.00tan egingo da. Plazak mugatuak dira eta gehienez 20 lagunek egin ahal izango dute. Horretxegatik, erresera aurrez egin behar da 943.082000 Arrikrutzeko telefono zenbakira deituta. Prezioa berriz, ohiko sarrerarena baino merkeagoa izango da, 3 €.

  Oñatin egin ahal izango den bisita gidatu honezaz gain, Legazpiko papelera errota, Donostiako San Telmo Museoan industrializazioaz dagoen erakusketa, Irungo indusketa arkeologikoen gordailua, Errenteriako Torrekua dorretxea, Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, Pasaiako ur azpiko ondarea, Getariako Cristobal Balenciaga museoa, Beizamako, Murumendiko megalitoak, Bergarako pintura flamenkoak eta Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorra ezagutzeko bisitak antolatu dira. Gainera,  Oiartzungo herri musika jardunaldietan parte hartu ahal izango da edo Ormaiztegi eta Mutiloko mugan dagoen Españolamendira txangoa egin ahal izango da karlistadatan eta gerra zibilean erabili ziren trintxerak ikusiz.

  Ondarea bertatik bertara ekimen honen helburua, gure ondarea ezagutarazi eta babesteko sentsibilizazioa lantzea da. Iaz ekin zion Foru Aldundiak nahikoa ezkutuan gordetzen den ondarea guztion eskura jarri eta azalpenak emateko tailer eta bisita gidatuen eskaintza egiteari. Eta lehen bi saio arrakastatsuen ondoren azaroaren 14 eta 15ean, ondarea gertutik ezagutzeko asteburu berria egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!