Oñatiko udala

Arrikrutzek goi mailako hezkuntzan eskaintzen duen esperientzia aurkeztuko da CUEVATUR biltzarrean

2024/10/23
Card image cap
(Arg: Arrikrutz-Oñatiko Kobak)
Koba Turistikoen urteko biltzarra Karrantzan hasi da gaur

  Ostiralera arte luzatuko da CUEVATUR biltzarra, Karrantzako Casa Palloti bainuetxean. Komunikazio zientifiko eta teknikoak aurkeztuko dira, azalpen laburreko poster saioak egingo dira eta hainbat hitzaldi eta ekitaldi ofizial zein sozial burutuko dira, hiru egunetan zehar. Kongresua amaituta, ACTE, Espainiako Koba Turistikoen elkartearen urteko asanblada egingo da.

  Ostiraleko jarduna Arrikrutzi buruz berba egiten hasiko dira; Las Cuevas turísticas en la educación superior. Ejemplo de las cuevas de Arrikrutz y el Grado de Geología izenburupean, Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia graduko ikasleek Arrikrutzera egiten dituzten bisiten berri emango da. Martin Arriolabengoak eta bere taldeak urteak daramatzate geologia ikasleekin Arrikrutzera etorri eta fakultatean barneratzeko eduki teorikoak bertatik bertara ikusi eta aztertzen. Martin Arriolabengoak berak azalduko du Arrikrutzekin batera garatzen duten ikasketa osagarri programa honen ezaugarriak eta abantailak. Ostiralean izango da, esan bezala, 10:00etan hasiko den komunikazioen saioan.

  CUEVATUR lurrazpiko turismo arloan diharduten profesionalen arteko biltzarra da, tokian tokiko esperientziak ezagutzera eman eta elkarbanatzeko foro. Kobazuloetako turismoa natura eta ondarea modu jasangarrian garatzeko sektore bihurtu da, eta era berean, eskualdeak dinamizatzeko bitarteko garrantzitsu ere bada. Sarritan, turismora irekitzen diren koba hauek landa-inguruetan kokatzen baitira.

  Estatuan bisitarientzat ireki dauden kobazulo eta meategietan egin diren azken lanen eta ikerketen berri emango da Karrantzan egiten ari diren Cuevatur biltzar honetan, gaurtik ostiralera bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!