Oñatiko udala
turismoa

Arrikrutz-ko koba 3.000 ikaslek baino gehiagok bisitatu zuten aurreko ikasturtean.

2014/03/14
Card image cap
Bisitarien adin, maila eta eskolako gaietara egokitzen diren 5 programa didaktiko ezberdin eskaintzen dira.

  Otsaileko itxieraren ondoren hasi dira jada, koba bisitatu nahi duten ikastetxeetako deiak jasotzen Arrikrutzen. 2012-2013 ikasturtean, 64 ikastetxetatik etorritako 3.020 ikasle izan ziren bertan. Erdiak baino gehiago, Lehen Hezkuntzakoak izan ziren eta lautik bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak. Helduen eskoletatik edota elkartruke programetan parte hartuz eskualdera hurbiltzen diren beste ikastetxeetako bisitarien kopurua ere aipagarria da.

  Arrikrutzen hasieratik eskaintzen dira programa didaktikoak. Oinarrian 5 dira une honetan aukeran ematen direnak baina datozen ikasleen adina, maila eta eskolan lantzen ari diren gaira moldatzen dira. Haur Hezkuntzakoekin, adibidez, koben erabilerak edota sortzen diren formazioak lantzen dira nagusiki. Lehen Hezkuntzakoekin, lehen gizakia, arrokak eta mineralak. Bigarren Hezkuntzakoekin, geologia izaten da aztergai nagusi eta kobako ekosistema eta ura paisaiaren moldatzaile eta energia sortzaile moduan ere lantzen da. Batxilergoko ikasleekin berriz, aipatutako edukiak sakontzen dira.

  Bisita guztiak interpretazio gunean hasten dira. Propio sortutako dokumental bat proiektatzen da eta nahi dutenek, labar margoen edo mineralen tailerra ere egiten dute. Kobara egindako bisita osatuz, inguruko beste baliabide batzuk ere ikusten dira, Jaturabeko presa edota Olateko Ur jauziak, esaterako.

  Arrikrutzera hurbiltzen diren ikasle talde gehienek Arantzazu edo Oñati bisitatuz osatzen dute eguneko txangoa. Hala, Natur Eskola, Gomiztegi baserria, Pottokaleku edo Aizkorri-Aratz Parketxea dira irteeran ezagutzen diren herriko beste zerbitzu interesgarri. Jatorriari dagokionez, Arrikrutza, programa didaktikoa osatzera hurbiltzen diren ikasle gehienak gipuzkoarrak dira, %88a.

  Otsailean koba itxita egon zen eta ordurako bisita eskatua zuten ikastetxeek urtarrilera aurreratu edo martxora atzeratu zuten. Arrikrutz pasa den asteburuan ireki zen berriro eta dagoeneko hasi dira hurrengo aste eta hilabeteetarako erreserbak jasotzen. Horretarako, betiko telefono zenbakia erabili daiteke: 943 08 20 00.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!