Oñatiko udala

Arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaro berria antolatu du Udalak langabeentzat

2023/06/06
Card image cap
450 orduko ikastaro teoriko-praktikoa doan izango da

  Oñatiko Udalak, Elkarzabal Integraziorako Elkartearekin, Bidebarri laneratze enpresarekin eta Bastida akademiarekin elkarlanean antolatu du arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroa. Foru Aldundiak diruz laguntzen duen eskualde mailako proiektua da eta debagoiendarrei zuzenduta dago. Zaintza sektorean lan egin nahi eta langabezian dauden pertsonei bereziki zuzendutako ikastaroa da. Uztailaren 3an hasi eta urtarrila erdialdera arte luzatuko da ikastaroaren alde teorikoa. Ondoren, praktikak egingo dira. Ikastaroak 450 orduko iraupena du eta horietatik 80 praktikak egiteko izango dira.

  Arreta sozio-sanitario arloari dagokion formakuntzan eskarmentua eta ziurtagiria duen Bastida akademia arduratuko da ikastaroa emateaz. Eskolak Zubillagako Olaburu zentroan emango dira, astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 17:45etara. Praktikak berriz, Oñati eta eskualdeko egoitzetan izan ohi dira. Izan ere, ez da lehen aldia Udalak halako ikastaroa antolatzen duela. Urtarrilean hasi zen orain hurrengoa eta laster amaituko da atal teorikoa, ekainaren 30ean, hain zuen. Gero praktikak egingo dituzte, lau hilabeteko tartean.

  Aldi berean, uztailaren 3an hasiko den ikastaro berria antolatzen ari dira. Ikastaro berri honi buruzko xehetasunak emateko informazio saioa antolatu da ekainaren 21an, 14:15etan. Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek hainbat dokumentu eraman behar dituzte informazio saiora: nortasun agiria edo pasaportearen kopia, Lanbidek emandako LEABD edo ZEABD kodea eta errolda ziurtagiria. Gehienez 15 lagunek egin ahal izango dute ikastaroa eta izena gehiagok ematen badute, elkarrizketa pertsonalak egingo dira bakoitzaren motibazioa, prestakuntza eta interesa baloratzeko. Baina hori ekainaren 21ean, Olaburu zentroan bertan egingo den informazio saioan zehaztuko da. Izena emateko, edo ikastaroaz xehetasun gehiago jasotzeko, udaleko enplegu departamentuarekin harremanetan jarri behar da, 943 003 198 telefono zenbakian.

  Langabezian dauden oñatiarrak, debagoiendarrak, arreta sozio-sanitario arloan formatu eta sektorean laneratzea da ikastaroaren helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!