Arratsaldean egingo da hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarren zozketa
Espainiako Kongresua eta Senatua berritzeko uztailaren 23an egingo diren hauteskundeetan, boto mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta hauen ordezkoen izendapenerako zozketa egingo da arratsaldean. Zozketa publikoa izan ohi da eta horretarako ezohiko bilkurara deitu dira udalbatza osatzen duten kideak. Talde berriaren lehen Osoko Bilkura izango da eta aipatu zozketa da lan zerrendan jaso den gai bakarra.
Maiatzeko hauteskundeetan bezala, uztailean ere 15 hauteskunde mahai irekiko dira gurean. Bakoitzerako 9 lagun izendatzen dira, bat presidente titular izango da eta beste bi bokalak, eta postu bakoitzerako beste bina ordezko izendatuko dira, 135 herritar guztira. Hautesle mahai bakoitzeko erroldak erabiltzen dira zozketarako. Berez, aplikazio bat erabiltzen da herritarrak izendatzeko eta arratsaldeko bilkuran, aplikazio hori martxan jartzeko agindua besterik ez da emango ordenagailuan.
Behin zozketa eginda, izendapenaren berri ematen duten agiriak bete beharko dira, ahalik eta azkarren, jakinarazpenen banaketa hasteko. Izan ere, legez mugatuta dago bai zozketa egin, jakinarazpenak banatu eta arazoak dituztenentzat alegazioak aurkezteko epeak. Oso estuak izaten dira. Horregatik, bihar, lehen orduan hasiko dira izendapen agiriak bete eta banatzen. Jakinarazpenak, izendatutako herritarrei eskura eramango dizkiete udaltzainek; zuzenean etxera joaten dira edo han topatzen ez badute, telefonoz deituta udaltzaingotik pasatzeko eskatzen da.
Ezintasunen bat duenak, izendapenaren kontrako alegazioa aurkeztu dezake. Horretarako epea, behin jakinarazpena jaso eta zazpi egunekoa da. Baina hauteskunde mahaitan egoteko kargua, legez bete beharrekoa da eta pisuzko arrazoiak bakarrik onartzen dira. Dena den, zein arrazoi eman daitezken, izendapenarekin batera banatzen diren informazio liburuxketan agertzen da. Liburuxkan, hauteskunde mahaitan egon beharko dutenen arduraren arabera, bete beharreko lana eta erantzukizuna ere zehazten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!