Argiketaria aldi baterako kontratatuko du Udalak

Udalak sei hilabeterako kontratatu nahi du argitekari berria. Lanposturako deialdia Lanbideren bitartez zabaldu du eta izen-ematea ere bertatik egin behar da, otsailaren 14a bitartean.
Aldi baterako izaeraz osatu asmo den lanpostu honetara presentatu ahal izateko bi baldintza bete behar dira: Elektrizitate arloan, LHI edo pareko titulazio akademikoa eta B gidabaimena izatea. Horrezaz gain, bete beharreko lanpostuarekin zer ikusia duen formakuntza osagarria, instalatzaile txartela eta 2. H.E pareko euskara maila izatea baloratuko da, baita, antzerako lanetan duen esperientzia ere.
Udalak lehenbailehen bete nahi du argiketari lanpostua, zerbitzuak egun duen lan pilaketari aurre egiteko. Izan ere, udal argiteriaren berrikuspena eta eguneraketa egin asmo da aurten, eta horretarako, udalak duen elektrizistak laguntza teknikoa behar du.
Lanbidera jo zuen udalak pasa den astean ere, Idazkaritzako Administrazio Orokorreko Teknikari lanpostua, aldi baterako betetzeko. Gaur arteko epea zegoen izena emateko eta asteburuan aurkeztutako hautagaien dokumentazioa jasotzearen zain daude Giza Baliabideen udal departamentuan. Kasu honetan ere teknikari berria kontratatu nahi da udal idazkariak duen lan karga arintzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!