Araozko ostatua ustiatzeko kontratu-esleipen abiarazi du Udalak
Araozko ostatuak taberna, jatetxea eta lau apartamentu turistiko hartzen ditu bere baitan. Ostatua kudeaketa eta ustiaketa zerbitzuaren emakida prozesu berria bideratzea onartu zen abenduko Osoko Bilkuran, egungo kudeatzaileak 2022an sinatutako kontratua bertan behera uztea eskatu ondoren. Eskaera azaroko Osoko Bilkuran onartu zen, Gipuzkoako aldizkari ofizialean gaur publikoki jakinarazi denez. Baina zerbitzua ez da berehalakoan etengo eta apirilaren 30era arte mantendu ahal izango da, kontratuaren klausula batek zehazten duena beteaz. Horrela, zerbitzuari jarraikortasuna eman nahi dio Udalak, emakida berria bideratu bitartean. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 29an amaituko da eta esleipen prozedura bi hilabetetan osatzea posible dela uste dute udal arduradunek.
Abenduko Osoko Bilkuran aho batez onartu ziren baldintzetan zehazten denez, ostatuaren ustiaketa hartuko duen enpresak gutxienez bi laguneko lan-taldea aurkeztu beharko du eta jangela zerbitzari bat eta sukalde arduradun bat eta azken honek elikagaien manipulatzaile titulua izan beharko du. Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzearren gainera, beharrezkoa izango da bezeroekin harreman zuzena izango duten pertsonek euskaraz ulertu eta berba egitea, hau da, ahozko trebetasuna izatea. Horretarako, B2 gaitasun maila izatea eskatuko da.
Araozko ostatuaren ustiapen kontratua 4 urtekoa izango da beste bost urtez luzatu daitekeelarik. Hileko gutxieneko kanona 1.500 eurotan (+BEZ) finkatu da eta prezio hori gorantz hobetu ahal izango dute lizitatzaileek. Dena den, esleipen irizpideetan beste hainbat puntu hartuko dira kontutan eta ez dirudi eskaintza ekonomikoak erabakigarriak izango direnik, 100 puntuko gehienezko balorazioan 31 emango baitute. Ostalaritzaren sektorean izandako esperientzia, tabernan, jatetxean eta apartamentuetan emango diren zerbitzuen deskribapen zehatza, negozio eredua eta diru-sarrerak lortzeko modua, marketing-plana, garbiketa eta mantentze programa, auzotarrekin, ostalaritzako beste enpresekin edo inguruko turismo erakundeekin gauzatuko liratekeen itun eta harreman sarea eta jarduketa planaren kronograma ere baloratuko da. Beraz, eskaintzetan guztia zehaztuta aurkeztu beharko dute osatuaren ustiaketan interesa duten enpresa edo partikularrek.
Behin esleipena eginda lizitatzaileak arrisku profesionalak estaltzeko, gutxienez 300.000 euroko estaldura duen erantzukizun zibileko asegurua aurkeztu beharko du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!