Araozko ostatua ustiatzeko hirugarren deialdia egitea erabaki zen atzoko Osoko Bilkuran
Auzoko eta udaleko ordezkariek bilera egin zuten asteazkenean, Araozko ostatuaren etorkizunaz berba egiteko. Auzotarren esanetan badago ostatua ustiatzeko interesa duen pertsona edo enpresarik baina ez ei du denborarik izan paperak bildu eta epe barruan aurkezteko. Astelehenean, apirilak 22, amaitu zen Araozko ostatuaren ustiatze emakidara proposamenak aurkezteko epea eta, eskaintzarik gabe, bertan behera utzi zen prozesua. Baina bada benetako interesa duenik eta baldintzak mantenduta epe berria zabaltzea erabaki zuen udalbatzak, aho batez, atzoko bileran.
Hileko errenta 800 eurotan mantentzen da eta baita ere ostatuko taberna eta jatetxearen irekitze-egutegia nahiz langileen hizkuntza ezagutzaren inguruko moldaketa. Apartamentu turistikoak urte osoan irekita eta alokatzeko aukeran egongo dira, beti ere, ostalariak hilabeteko oporrak hartzeko aukera izango duela kontutan hartuta. Taberna eta jatetxea berriz, astelehenetik ostegunera itxita mantendu ahal izango dira, jaiegunak ez badira edota auzoan hileta edo bestelako ekitaldi berezirik ez badago. Ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan irekita egon beharko duten ordutegia zehaztu da deialdi berrian. Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzearren, bestalde, herritarrekin harremana duen langileak edo langileek elebidunak direla bermatu beharko da, eta euskaraz ahoz adierazteko gaitasuna badutela.
Gaur bertan zintzilikatu da udalaren web atariko Kontratatzailearen profilean emakida berrirako deialdia eta eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 13ko gauerdian amaituko da. Interesatuek proposamen ekonomikoaz gain, jarduketa plana, ostalaritza arloko esperientzia eta negozio eredua biltzen duen memoria txostena ere aurkeztu beharko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!