Oñatiko udala

Araotzeko taberna-ostatua bihar irekiko da berriro

2024/06/14
Card image cap
German Mirassouk 4 urterako hartu du, beste bost urtez luzatzeko aukeraz

  Bi eskaintza jaso ziren Araotzeko taberna-ostatua ustiatzeko azken prozedurara eta puntuaziorik altuena eskuratuta, German Mirassouri esleitu dio Udalak ostatuaren kudeaketa. Lau urtetarako kontratua izango du, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin. Eta gaur arratsaldean, 19:00etan irekiko da taberna, auzotarrentzat propio, gainontzeko bezeroentzat, bihar. Izan ere, auzotarrentzat zerbitzua ematea baita Mirassouren lehentasun eta helburua, egitasmo honetan sartzean. Lehen harremanak izan ditu hainbat auzotarrekin eta gaurtik aurrera sendotzea espero du.

  Araotzeko taberna, ostegunetik igandera zabalduko da; ostiraletik igandera, 10:30etatik 23:30etara irekiko da eta ostegunetan, 17:30etan, udan izan ezik, ekainaren 21etik irailaren 21era 10:30etan irekiko baita. Pintxoak, errazioak eta plater konbinatuak eskainiko dira eta talde handientzat enkarguzko bazkariak ere prestatuko dituzte. Ostatuak dituen lau apartamentu turistikoak berriz, egunero, eta urte osoan zehar, egongo dira alokagai.

  Udalak zehaztutako lizitazio prezioaren pareko eskaintza egin zuen Mirassouk esleipen prozesuan eta Araotzeko taberna-ostatua ustiatzeagatik 800 euro (+BEZa) ordaiduko du hilero. Sektorean nagusi diren sare sozialen bitartez egingo du ekipamenduaren zabalpena eta Arrikrutzeko kobarekin, Oñati eta Arantzazuko turismo bulegoekin nahiz Eltzia tabernarekin aliantza sareak sortzen saiatuko da. Araoztarrekin elkarlanean jarduteko asmoa ere azaldu du, auzoa dinamizatzeko helburuz.

  Ostalaritza munduan eskarmentua du Mirassouk, Eltzia tabernako arduraduna da, egun, eta lehenago ere herriko taberna askotan lanean izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!