Araotzeko eskolako lanak, Mugiment kirol txartela eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik adierazpen instituzionala aztergai gaurko Osoko Bilkuran
17 puntu edo gaiko lan zerrenda osatu da otsaileko Osoko Bilkurarako. Landa auzoetatik iritsitako hainbat proposamen aztertuko dira: Lezesarriko auzo-alkate berria izendatzearen ingurukoa bata eta Araozko eskola ostatu gisa egokitzeko lanen III faserako udala eta auzoaren arteko hitzarmen berria, bestea.
Oñatiko udala Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Partzuergoan integratzeari onespena ematea ere proposatuko da. Iazko ekainean eskatu zuen udalak garraio partzuergoan sartzea, Herribusa Mugi txartelaren sisteman integratzeko helburuz. Integrazio hori zein baldintzatan egingo litzatekeen argituta, partzuergoko partaide bihurtzea aztertuko da arratsaldean. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzaritzako bazkide dira herrialdeko hainbat udal: Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Lasarte-Oria edota Oiartzun, esaterako. Hurrengoa Oñati izan liteke.
Egitasmo bateratua da baita ere Mugiment Kirol Txartelarena. Egitasmora batzen diren udaletako kirol-instalazioak erabilgarri jartzen dituzte gainontzeko udaletako bazkideentzat, gain kosturik gabe. Dena den, tokian tokiko kirol zerbitzuek erabilera ireki hori mugatu dezakete, zein instalazio eta zein ordutan erabili ahal izango diren zehaztuta. Debagoienean proba egin zen iazko urte hasieran baina pandemiak esperientzia bertan behera uztea ekarri zuen. Orain, 2021ean, egitasmoa berriro martxan jarri nahi da eta Oñatiko udalaren atxikimendua aztergai izango da arratsaldeko bileran.
Gazte emantzipaziorako eta gazte elkarte eta sormenerako dirulaguntzen oinarri eta deialdiak egiteko proposamena edota hainbat udal langileren antzinatasuna errekonozitzeko eskaerak ere jorratuko dira otsaileko Osoko Bilkuran. Martxoaren 8a badator eta Emakumeen Nazioarteko Egunera begira adierazpen instituzionala aurkeztuko da. Udalbatza osatzen duten bi taldeen babesa lortu duen adierazpena ezagutzera eman eta onartuko da.
18:30tan hasiko den Osoko Bilkura zuzenean eskainiko du Oñati irratiak (FM 107.4).
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!