Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko egokitze lanen kontratazioa abiaraztea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Gabonetako etenaren ondoren udal batzorde informatiboak biltzen eta pilatutako gaiak bideratzen hasi dira berriro. Horrek, Gobernu Batzarrean gai ugari erabaki beharra eragin du. Hala, gaur arratsaldean egingo duen bileran, 93 gaiko lan zerrenda izango du aurrealdean gobernu taldeak. Aipatu bezala, Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanak martxan jartzeko bi gai aztertuko dira, udala eta auzoaren arteko hitzarmena, batetik, eta lanak kontratatzeko prozedura ireki sinplifikatua abian jartzea, bestetik.
Egokitze lanak Koldo Etxegarai arkitektoak osatutako proiektuaren arabera egingo dira. Orain esleitu nahi den lehen fasean oinarrizko azpiegitura egingo da, eraikina erabiltzeko moduan utziz. Egun oin bakarra duen eraikinean bi solairu egingo dira eta behekoan, taberna, sukaldea eta jangela prestatuko dira, eta ahal izanez gero, mugikortasun urria dutenei egokitutako apartamentu txikia. Beranduago egingo den bigarren fasean, beste bi apartamendu egokituko dira goiko solairuan. Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko lan hauetarako, auzoak eta udalak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak 147.000 euroko dirulaguntza agindu du.
2018. urtea ekonomikoki ixtear du udalak eta gaurko Bobernu Batzarrean auzotasun programen hainbat likidazio proposamen aztertu eta onartzea espero da: Arantzazu, Araotz, Berezao, Garibai, Larraña, Lezesarri, Murgia, Olabarrieta, Santxolopeztegi, Urrexola eta Zubillagako auzotasun programen likidazioa, hain zuzen ere.
Ongizate zerbitzuen eskutik, berriz, dirulaguntza ezberdinen 2019ko deialdiak martxan jartzea proposatuko da: adikzio mota desberdinen tratamendurako dirulaguntzak, etxebizitza partikularretan su-detektagailuak jartzeko kanpaina, ohiko etxebizitza unitatea hautsi eta errenta eta sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei zuzendutako dirulaguntzak edota gizarte larrialdietarako udal laguntzen ordenantza erregulatzailea.
Bestelako gai batzuk ere jaso dira gaurko lan zerrendan: Etxaluzeko parkeko urbanizazio lanen baitan argiteria berritzeko aurrekontua; San Lorentzo auzoko plazatan argiteria berritzeko proposamena; Murgia, Zubillaga eta Olabarrieta auzoetan baserri seinaleak jartzeko zuloak egiteko aurrekontua eta Olaiturriko kirol gunean estalkia eraikitzearen buruzko Diputazioaren txostena, besteak beste. 18:00tan hasiko da gobernu taldearen asteko bilera baina luze joko du, gai asko baitituzte aztertzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!