Oñatiko udala

Araotzeko errepidea bost gauetan itxiko da Leuzarreko lanak arintzeko

2019/02/08
Card image cap
Otsailaren 10etik 14ra, 22:30tatik 5:30ak arte Araotzeko bidea trafikorako itxiko da

  Urtarrilaren 18an hasi ziren Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak. Orduz geroztik, errepidea tarteka itxi da astelehenetik ostiralera, 9:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara. Eguraldiak ordea ez du askorik lagundu eta lanak atzeratu doaz. Obrak arintzeko, gauez lanean jarduteko baimena eman du Foru Aldundiak eta ondorioz, bost gauetan errepidea  itxi egingo da. Otsailaren 10etik 14ra eta 22:30tatik 5:30ak arte errepidea itxiko da eta egunez ere itxi egingo da orain arteko ordutegi berean, 9:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara.

  Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak, lehen kilometroa pasata egiten ari dira, Leuzarra moduan ezagutzen den parajean. Errepidea estua izaki ibilgailu bakarra pasatzeko aukera eskaintzen zuen. Lanak amaituta, ia bost metro eta erdiko zabalera emango zaio eta bi ibilgailu pasatzeko nahikoa leku izango du errepideak. Araotzeko errepidea hobetzeko lanen hasierako tartean, mendia hondeatu eta harri horma egonkortuko da hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria egingo da 235 metroko luzeran. Bukatzeko, bidearen goialdeko zatian zorua eta seinalizazioa berrituko dira eta azken 100 metrotan betelana egingo da.

  Lanok egiteko 10 asteko epea eman zen, baina urtarrila amaierako euri eta elurrek atzeratu egin dituzte nonbait, eta horregatik, gauez ere lan egiteko baimen berezia eman da. Lanak, Zubieder S.L enpresa egiten ari da, 193.705 euroko aurrekontuaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!